Politika -
MIGRAZIOA
Migrazio alorrean Estatuak dituen "eskuduntza guztiak" Kataluniaren esku uztea jasotzen du akordioak
Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak azaldu du lege organiko baten bidez egingo dela eskualdaketa.
EITB MEDIA
Migrazio eskumena Kataluniaren esku uzteko atzo PSOEk eta Juntsek azken unean izenpetutako akordioa berretsi du gaur Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak. Ez du xehetasunik eman, baina azaldu du lege organiko baten bidez egingo dela eskualdaketa eta egun migrazio alorrean Estatuaren esku dauden "eskuduntza guztiak" Generaliteari eskualdatuko zaizkiola. Gainera, azpimarratu du Konstituzioak hori egitea ahalbidetzen duela. "Migrazio eskumenaren eskualdatzea adostu bada, logikoki, gaur Estatuak bere gain hartzen duena, dagokion erkidegoaren esku utziko da, Konstituzioaren testuan espresuki adierazten den bezala", zehaztu du.
Akordioa baieztatu dute, baita ere, Miriam Nogueras, Jordi Turull eta Laura Borras Juntseko ordezkariek, agerraldi ezberdinetan. Horiek ere ez dute zehaztasunik eman, baina ziurtatu dute migrazio eskumena "osorik" transferitzea adostu dutela. Horien arabera, besteak beste, erresidentzia baimenen kudeaketa eta migrazio fluxuen gaineko erabakiak Generalitateak kudeatuko ditu, eskumena bere gain hartzen duenean.
Bien bitartean, Esquerra Republicana zuhur agertu da, eta "itunaren letra txikia" ezagutu nahi duela esan du. Teresa Jorda ERCko diputatuak Kongresuan uste du, oraingoz, "izenburua bakarrik" jakinarazi dela. "Pozik gaude Junts negoziaziora batu delako. Nolanahi ere, izenburua gauza bat da, eta konpromisoa, bestea. Kasu honetan, letra txikia ezagutzea ezinbestekoa da guretzat, eztabaidan sartzeko. Lan asko dago egiteko, oraindik", adierazi du.
Eta beste behin, oso tonu gogorra erabili du Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak PSOEn zein Juntsen kontra, eta berriro Konstituzioa urratzea egotzi die. "Konstituzioaren kapitulazio baten aurrean gaude, argi eta garbi".
Popularren Madrilgo egoitza nagusian goizean egin duen agerraldian, Feijook azaldu du "oso larria" dela adostutakoa. Bere hitzetan, halako erabaki batek Europar Batasuneko edozein herrialdetan "arduradunen premiazko agerraldia" ekarriko luke.