Politika -
EAJ
Pradales urtarrilaren 27an izendatuko dute ofizialki EAJren lehendakarigai, Durangon deitutako ekitaldi batean
Halaber, EAEko zein Europako bozetara jeltzaleek aurkeztuko dituzten zerrentedako kide guztiak aurkeztuko dituzte ekitaldi berean.
EITB MEDIA
Imanol Pradales, oraindik Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko diputatu dena, urtarrilaren 27an izendatuko du ofizialki EAJk lehendakarigai, alderdiaren barne prozesuko bigarren errondan hautagaitzak erabateko babesa jaso ondoren. Bide beretik, Bakartxo Tejeria berriro Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaitza ere aho batez onartu da bigarren itzulian, eta hori ere, hilaren 27ko ekitaldian aurkeztuko da.
EAJren Aberri Batzarra bilduko da Durangoko Landako gunean aipatutako egun horretan. EAEko zein Europako bozetarako jeltzaleek aurkeztuko dituzten zerrendak ontzat eman, eta ondoren, afiliatuen aurrean aurkeztu egingo dituzte. Gaur zabaldutako ohar batean, Euzkadi Buru Batzarrak dei berezia egin die alderdikide guztiei, ekitadian parte har dezaten.
Iazko abenduaren 11n abiatu zuen EAJk urte honetan izango dituen bi hauteskunde hitzorduetarako zerrendak osatzeko prozesua, eta Herrialde Batzarrak egingo ditu orain, behin betiko hautagaiak onartu aurretik: Gipuzkoako batzordea ostegunean bilduko da, Nafarroakoa, ostiralean, Bizkaikoa, urtarrilaren 23an, eta Arabakoa, 24an.