Politika -

Amnistia legea

Kongresuko letraduen beste txosten batek Amnistia Legea Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela iradoki du

Barkatuko diren delituak eta epeak ondo zehaztuta ez daudela uste dute legelariek, eta lege gisa baino, Konstituzioaren erreforma baten bidez izapidetu beharko litzatekeela.

Kongresua, artxiboko argazki batean. EFE
Kongresua, artxiboko argazki batean.
Kongresua, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk Kongresuan erregistratu eta ganberan izapidetzen ari den Amnistiaren lege proposamenak Konstituzioa urra dezakeela ebatzi dute Kongresuko letraduek, gaur kaleratu duten txosten batean jasotzen denez. Gainera, lege gisa baino, Konstituzioaren erreforma baten bidez izapidetu beharko litzatekeela uste dute. 

Aurretik ere lege proiektuaren inguruko iritzia emana zuten Kongresuko legelariek. Fernando Calindo Gorteetako letradu gorenak eta Kongresuko idazkari nagusiaren taldeak egindako lehen analisi horren arabera, araua Konstituzioaren kontrakoa izan zitekeela adierazi zuten, baina ez izapidetzea geldiarazteko bezain "agerikoak". 

Justizia Batzordeko legelariek egin dute bigarren txosten hori. Letraduok ganberako idazkari nagusi izan ziren PPren gobernuekin. Konstituzionaltasunaren inguruko zalantzak egon badaudela diote orain ere, baina azpimarratu dute Auzitegi Konstituzionalak izango duela azken hitza behin legea onartuta. 

Agirian diotenez, "legeari zehaztasun falta dario aplikazio eremuari dagokionez". Bestela esanda, barkatuko diren delituak eta horiek egin ziren epeak ondo mugatuta ez daudela uste dute adituek. 

Zehaztasun falta horrek segurtasun juridikoaren printzipioari eragingo lioke. Horren harira, gogorarazi dutenez, apartekoak diren legeotan baldintzak eta legearen hartzaileak ondo mugatuta egotea. 

Amnistia jaso dezaketen ekintza ugari daudela ohartarazi dute, eta batez ere legeen onarpenean jarri dute azpimarra. Gogorarazi dutenez, "parlamentuei dagokie arauak egitea, ez agintari edo funtzionarioei". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE Delituak Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Azken ordukoa Espainia Amnistia