Politika -
EAEko hauteskundeak
Zupiriaren ustez, "otzana" izango da kanpaina lehen lerroan, baina azpikeriaz jokatuko dute alderdiek
Hauteskundeetarako "gutxi" falta dela iritzita, Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "berria eta ezberdina" izango dela Legebiltzarreko hauteskunde kanpaina. "Alderdiak adostasunerako prest daude, baina, aldi berean, testuingurua asaldatuko duten mugimenduak ikusten ditut", esan du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak iritzi dio Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina "otzana" izango dela Euskadin, "politikaren lehen lerroan". Bozkak aurki izango direlakoan, adierazi du "antolatutako mugimendukoak" ere ikusten dituela, alegia, alderdiek azpikeriaz jokatuko dutela.
Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, Zupiriak adierazi du ziurrenik "erakargarria" izango dela kanpaina, alde batetik "otzana" izango delako —alderdi gehienek elkarrizketarako eta itunak lortzeko erakutsitako borondateari aipamena eginez—, baina bestetik, "azpijokoan dabiltzalako". "Are beherago, sare sozialak eta mugimendu anonimoak daude, eta horiek dira zaborra zabaltzeaz arduratuko direnak", erantsi du.
Bozkak, gertu
Hauteskundeetarako gutxi geratzen denaren susmoa du Zupiriak, eta aurki hasiko duten kanpainari buruz esan du "berria eta ezberdina" izango dela.
"Esan bezala, alderdiak akordioetarako prest agertuko dira, zenbait kasutan ikusi dugun bezala, adibidez, Legebiltzarrean. Ordea, pentsatzen dut mugimendu sakonagoak ere badaudela, eta horiek aztoratuko dutela dena", berretsi du.