Politika -
IKERKETA
Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxea galdekatzeko baimena eskatu dio Frantziari, Barajasko atentatuagatik
Halaber, Ainhoa Ozaetari deklarazioa hartzeko baimena eskatu dio, eta Aitzol Iriondo ikertu gisa deklaratzera deitu du.
AGENTZIAK | EITB Media
ETAren Barajasko atentatua ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko epaileak baimena eskatu dio Frantziari Josu Urrutikoetxea eta Ainhoa Ozaeta galdekatzeko. Gainera, Aitzol Iriondo ikertu gisa deklaratzera deitu du.
Francisco de Jorge epailearen autoak dioenaren arabera, Urrutikoetxea eta Ozaeta ikertu gisa galdekatzeko baimena eskatu die Frantziako agintariei.
Gainera, instrukzio epaileak Aitzol Iriondo ikertu gisa deklaratzera deitu du martxoaren 21ean, 11:00etan. Gipuzkoa Espetxetik deklaratu beharko du, bertan ari baita espetxe zigorra betetzen.
Bestalde, magistratuak auzi honi lotutako instrukzioa sei hilabetez luzatzea erabaki du, uztailaren 29ra arte.
Auzitegi Nazionalak 2021ean erabaki zuen Barajasko atentatuaren inguruko ikerketak berriro irekitzea. Hasiera batean, Garikoitz Aspiazu eta Joseba Aranibarengan jarri zuen azpimarra, eta, gerora, Josu Urrutikoetxea, Mikel Carrera, Aitzol Iriondo eta Ainhoa Ozaeta ere ikertzea erabaki zuen.
2010ean Auzitegi Nazionalak 1.040 urteko kartzela zigorra ezarri zien Igor Portu, Mikel San Sebastian eta Mattin Sarasolari, bi pertsona hil eta 41 zauritu ziren Barajasko atentatuaren erantzule izatea egotzita.