Politika -

BISITA OFIZIALA

Urkulluk Makroeskualde Atlantikoa, autodeterminazioa eta euskararen ofizialtasuna defendatuko ditu Bruselan

Lehendakariak bisita ofiziala egingo du astelehen honetatik asteazkenera, eta Europar Batasuneko agintariekin biltzeaz gain, autodeterminazioari buruzko foro batean parte hartuko du.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak bisita ofiziala hasiko du astelehen honetan Bruselan, eta Europar Batasuneko agintarien aurrean Makroeskualde Atlantikoa, euskararen ofizialtasuna eta euskal harrera sarea defendatzeaz gain, autodeterminazio eskubidea arautzeari buruzko foro batean parte hartuko du.

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzaren Europar Batasunerako eta Kanpo Ekintzarako idazkari nagusiak eman zituen urtarrilaren 29tik 31ra izango den bisita ofizialaren nondik norako guztiak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Lehendakariaren agenda Margaritis Schinas Europako Bizitza Estiloa Sustatzeko presidenteordearekin abiatuko da. Migrazio eta asilo gaietan ditu ardurak Shchinasek, eta lehendakariak "euskal harrera eredua" aurkeztuko dio. Era berean, euskara Europar Batasunean ofiziala izateko eskaera babesteko eskatu dio.

Asteartean Dubravka Suiça Demokrazia eta Demografia presidenteordearekin elkartuko da, eta Eskumen Legegileak dituzten Europako Eskualdeen Ekimenaren proposamena helaraziko dio. Eusko Jaurlaritza da une honetan ekimen horren buru, Europar Batasunaren politikak erabakitzeko prozesuetan parte hartzea aldarrikatzen du.

Arratsaldean, Naros Sefcovic Itun Berdearen, Erakunde arteko Harremanen eta Prospektibaren presidenteordeak hartuko du lehendakaria, eta trantsizio berdearen arloan Eusko Jaurlaritzak eskuartean dituen proiektuez hitz egingo dute.

Ondoren, Elisa Ferreira Kohesio eta Erreforma komisarioarekin bilduko da Urkullu, eta Makroeskualde Atalntikoaren aldeko atxikimendua eskatuko dio, aurrera eraman nahi dituzten ekimenak aurkeztearekin batera.

Asteartea amaitzeko, Bruselan bizi den euskal komunitateari harrera egingo dio lehendakariak, eta Eskumen Legegileak dituzten Europako Eskualdeen Ekimeneko kideak batuko zaizkie.

Asteazkenean amaituko da bisita ofiziala, eta lehendakariak Autodeterminazioaren aldeko Caucusak antolatutako foro batean parte hartuko du Europako Parlamentuan, "Europar Batasunean autodeterminazio eskubidea demokratikoki egikaritzeko baldintzak arautzeko" proposamen bat hizpide.

Elorzak zehaztu zuenez, Europako Parlamentuko zenbait taldek eskatuta egindako araudi zirriborro baterako proposamena da hizketagaia, eta litekeena da Urkulluren hitzartzea arratsaldean izatea, Pere Aragones Kataluniako presidentearekin batera.

Lehendakariak hiru legegintzalditan Europar Batasuneko erakundeekin biltzeko egingo duen bosgarren bidaia ofiziala izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Politika Nazioartea Europar Batasuna Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Europa Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua