Politika -

PROZESU JUDIZIALA

ETAk hil zuen Montxo Doral ertzainaren kasua berriro ireki du Auzitegi Nazionalak

Iratxe Sorzabalen parte-hartzearen inguruko zantzu berriak dauzka Auzitegiak, tartean Ertzaintzak egindako txosten batean jasotzen direnak.

"Montxo" Doralen omenezko horma irudia. Argazkia: Irekia
"Montxo" Doralen omenezko horma irudia. Argazkia: Irekia
Montxo Doralen hilketaren kasua berriro irekitzeak zauria ixten lagundu dezake, haren alargunaren arabera

0:21

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak ETAk hildako Montxo Doral ertzainaren kasua ireki du berriro, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Atentatua 1996an izan zen, Irunen, eta, gaur-gaurkoz, argitu gabe dago oraindik.

Ertzaintzak igorritako atestatu osatuari esker ireki du berriro Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2. Epaitegi Zentralak 13/96 sumarioa.

Orain dela 26 urte irekitako atestatuak Iratxe Sorzabali, Xabi Irastorzari, Iñaki Telletxeari, Markos Sagarzazuri, Ainhoa Adini eta Asier Oiartzabali leporatzen die krimena.

Hilketa gertatu eta sei urtera, 2002ko apirilaren 29an, Frantziako Poliziak ETAren barneko agiri bat aurkitu zuen Castresko zulo batean, "autokritika" edo "kantada" izenekoa. Horrelako agiriak talde armatuaren buruei komandoetan egin zuten ibilbidearen nahiz atxilotu zituztenean Poliziari emandako informazioaren berri emateko erabiltzen zituzten atxilotutako etakideek, Ertzaintzaren esanetan. Beste taldekide batzuk atxilotzea edo ETAko beste talde batzuk desegitea eragozteko pasatzen omen zuten informazio hori.

Castresen aurkitutako agiri horretan, ustez une hartan ETAren burua zenak, Iratxe Sorzabalek, hauxe utzi omen zuen idatzita: "Martxoan lapa bat jarri genuen Montxo Doral zipaioaren autoaren azpian. Lapa ez genuen guk egin, eginda iritsi zen. Markos eta Xabi".  

Iratxe Sorzabalek ukatu egin zituen hitz horiek egoitza judizialean, Guardia Zibilaren torturapean egindako adierazpenak izan zirela argudiatuta.

Orain, atentatu hura gertatu zenetik 26 urte igaro direnean, Auzitegi Nazionalak oraintsu kaleratutako epai batean frogatutzat eman du "kantada" horiek funtsezko froga-balioa dutela justiziarentzat, "naturaltasunez, askatasunez eta borondatez egindako adierazpenak" direlako.

Epai horretan oinarrituta, Ertzaintzak duela 26 urte irekitako atestatua osatu eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi du, atentatua Ibarla Komandoari egotzita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Espainia bideoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa