Politika -

AMNISTIA LEGEA

Feijoo Puigdemonti indultua emateko prest agertu da, baina baldintzekin

Justiziaren aurrean agertzea, zigorra betetzea, neurria berak eskatzea eta erreferendumari eta alde bakarreko independentziari uko egitea eskatuko lioke. Sanchezek uste du Voxen mende egongo ez balitz, Feijook onartu egingo lukeela amnistia.

Alberto Nuñez Feijoo PPren burua. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo PPren burua. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo PPren burua. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijoo PPren burua Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari indultua emateko prest egongo litzateke baldintza hauek betez gero: neurria berak eskatzea, Justiziaren aurrean agertzea, zigorra betetzea eta erreferendumari eta alde bakarreko independentziari uko egitea.

PPko iturrietatik eman dute horren berri, eta Feijooren inbestidurari begira Juntsekin izandako elkarrizketetan ez zutela horrelakorik proposatu gaineratu du.

Larunbatean oposizioko buruak Sarrian (Lugo) adierazi zuen "amnistiarako, indulturako edo bestelako edozertarako gutxieneko baldintzak" inpunitaterik ez egotea eta Kataluniako independentistek independentzia adierazpenari, erreferendumari eta "zuzenbide-estatua gidatzen duten oinarrizko printzipioak ebasteari" uko egitea direla.

Gainera, PPko iturriek zehaztu dute popularrek amnistia legearen legezkotasuna aztertu zutela Juntsekin Kongresuaren Mahaiaren osaketaz eta Feijooren inbestiduraz hitz egin zutenean, eta 24 orduren buruan baztertu zutela neurri hori, legez kanpokoa zela egiaztatu zutelako.

Puigdemontek gutun bat igorri zien aurreko ostegunean eurodiputatuei, eta inbestiduran Feijooren alde egin izan balu, ez liratekeela orain terrorismo delituagatik ikertzen arituko esan zien. Eskutitzaren amaieran adierazi zuenaren arabera, "guztia jakingo da unea iristen denean".

PPk erantzun du gutunak ez duela kezkatzen, ez dela mehatxu bat, eta ez duela uste Puigdemontek alderdiari kalte egin diezaiokeen informaziorik eman dezakeenik.

PPk eta Feijook berak behin baino gehiagotan onartu dute harremanak izan dituztela Juntsekin, baina Genovak ez ditu xehetasunak publiko egin nahi izan.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, argi du: "Feijoo ez balitz Voxen mende egongo, amnistia onartuko zukeen".

La Voz de Galician gaur argitaratutako elkarrizketa batean, Sanchezek esan du "ziur" dagoela horretaz, eta PPk Juntsekin "oraindik argitu ez diren elkarrizketa gehiago" izan zituela.

Elkarrizketa ostiralean egin zioten, indultuari buruzko informazioa zabaldu baino lehenago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Alberto Núñez Feijóo Amnistia Legea Kataluniako prozesua zuzenean