Politika -
AMNISTIA LEGEA
Kongresuko Justizia Batzordea ostegunean bilduko da amnistia legearen irizpen berri bat emateko
Azken orduetan PSOEko eta Juntseko ordezkariek egindako adierazpenei erreparatuta, gertu egon liteke akordioa. Azkenean testua aurrera aterako balitz, hurrengo astean eztabaidatu eta bozkatuko litzateke Kongresuko osoko bilkuran.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordeak bilera egingo du datorren ostegunean amnistia legearen irizpen berri bat emateko, baldin eta PSOEk eta Juntsek lege testuari buruzko akordioa lortzen badute.
Kongresuko iturrien azaldu dutenez, batzarra martxoaren 7an (11:00etan) egingo da, orduan bukatzen baita PSOEk eta Juntsek amnistia legea negoziatzeko Kongresuko Mahaiak ezarritako epea.
Juntsek atzera bota zuen amnistia legea urtarrilaren 30ean Kongresuan egin zen bozketan, legeak terrorismo delitu guztiak barne hartzen ez zituela iritzita.
Azken orduetan PSOEko eta Juntseko ordezkariek egindako adierazpenei erreparatuta eta PSOEk berriro epea luzatzea ez duela eskatu kontuan hartuta, gertu egon liteke akordioa.
Azkenean Justizia Batzordean testua aurrera aterako balitz, hurrengo astean eztabaidatu eta bozkatuko litzateke Kongresuko osoko bilkuran.