Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Pradales: "Zergatik beti jartzen da fokua Ertzaintzaren jardunean eta ez istiluak eragiten dituztenengan?"
Lehenik eta behin fokua beste horretan jarri behar da EAJren lehendakarigaiaren arabera, eta, gero, behar bada, Ertzaintzaren jardunaz hitz egin daiteke.
O. A. | EITB MEDIA
Bilbon eta Donostian futbol partiden testuinguruan, eta, Gasteizen, Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko manifestazioan izandako istiluek zeresana ematen jarraitzen dute. Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak fokua "beti" Ertzaintzarengan jartzen dutenak kritikatu ditu: "Zergatik beti jartzen da fokua Ertzaintzaren jardunean eta ez istiluak eragiten dituztenengan?".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Pradalesek ez du baloraziorik egin nahi izan atzo Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esandakoen inguruan, "daturik eta iturririk" ez duela argudiatuta. Erkorekak adierazi zuen sigla batzuen atzean antolatzen ari direla azken asteetako kaleko istiluak, zuzenean EH Bildu aipatu gabe.
Azken asteetan hainbat tokitan gertatzen ari diren istilu eta liskarren ondoren, gizarte bezala beste gogoeta bat egin beharra dagoela uste du Pradalesek. Horren ustez, lehenik eta behin fokua istiluak eragiten dituztenengan jarri behar da, eta, gero, "hala bada, hitz egin dezagun Ertzaintzaren jardunaz".
Halaber, istiluak eragiten dituzten horiei lotuta, galdera bat luzatu dio Pradalesek euskal gizarteari: "Pertsona horiek nahi ditugu euskal gizartean?". Istilu eta liskar guztiak gaitzetsi ondoren, pertsona horiek guztiak "soberan" daudela azpimarratu du.
Bestalde, normalean Ertzaintzak proportzionaltasunez jarduten duela defendatu du. Agian, batzuetan, "desproportzioak" egon daitezkeela onartu du, baina alde "batean eta bestean".