Politika -
''Alonsotegi auzia''
Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin ditu "Alonsotegi auziko" lau akusatuak
Bizkaiko Auzitegiak uste du ez dela egiaztatu akusatuek "legez kanpoko irabaziak" izan zituztenik eta ez direla betetzen ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen delituaren baldintzak, "altxor publikoarentzat kalterik" egon ez delako.
EITB MEDIA
Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin ditu "Alonsotegi auzian" akusatutako lau pertsonak. Honako delitu hauek egozten zitzaizkien: prebarikazio administratiboa, agiri ofizialak faltsutzea, administrazio publikoei iruzur egitea, dirulaguntzei iruzur egitea, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta iruzurra.
Otsailaren 15eko epaian, Bizkaiko Auzitegiko Seigarren Sekzioak uste du ez dela egiaztatu akusatuek (udal aholkulari ohi bat, arkitekto bat eta bi eraikitzaile), ados jarrita, Alonsotegin 2011ko azaroaren 4tik 6ra bitartean izandako euri-jasak aprobetxatu zituztenik Bizkaiko Foru Aldundiari 600.000 euroko dirulaguntza eskatzeko, kalte batzuk konpontzeko eta "operazioarekin bidegabeko irabazia lortzeko".
Asteazken honetan ezagutzera eman den ebazpenaren arabera, frogatu dena da eurite horiengatik Bizkaiko Aldundiari dirulaguntza eskatzeko hiru espediente izapidetu zirela "une horretan eta geroago" egin ez ziren obra batzuetarako, eta Udalak 600.000 euroko dirulaguntza jaso zuela, baina "ez da egiaztatu espediente horien izapidetzean deliturik izan zenik".
Epaiak dioenez, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen delituaren baldintzak ez dira betetzen, "altxor publikoarentzat kalterik" egon ez delako.
Era berean, ez du uste ondareak kalterik jasan duenik proiektatutako obrak ez egiteagatik, "lortutako diru publikoa jada egindako beste obra batzuk ordaintzeko erabiltzen baita", eta Udala obra horien zordun zen.
"Engainuak, ondorioz, ondare-lekualdaketa bat eragiten du, eta horrek ez dio kalterik eragiten Administrazio Publikoari", gaineratu du Bizkaiko Auzitegiak. Halaber, ondorioztatu du epaitutako egitateak ez direla prebarikazio administratiboaren delitua, ezta egozten ziren gainerako delituak ere.
Ebazpena ez da irmoa eta errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salan.