Politika -

EPAIKETA, PARISEN

Etcheverry: "Terroristak ala bake artisauak ginen? Hori argitzea izanen da erronka nagusia epaiketa honetan"

Parisko Zigor Auzitegiak Jean Noel Etcheverry 'Txetx' eta Beatrice Molle "bakearen artisauak" epaituko ditu gaur-biharretan. Epaiketaren atarian, Etcheverryk esan du "Luhusokoak Euskal Herriari ekarritako emaitzak" azalduko dizkiotela epaileari.

Etcheverry eta Molle, joan den astean egindako agerraldian.
Etcheverry eta Molle, joan den astean egindako agerraldian.
Etcheverry eta Molle, joan den astean egindako agerraldian.

play icon 9:32

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Lasai eta prest gira azalpenak emateko. Luhusokoa zergaitik egin zen eta emaitzak zeintzuk izan ziren azalduko dugu". Hala mintzatu da Jean Noel Etcheverry Txetx 'bake artisaua', Parisko Zigor Auzitegian bere eta Beatrice Mollen kontra abiatuko den epaiketaren aurretik, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

2016ko abenduaren 16an Luhuson egindako polizia operazioan atxilotuetako bi dira Etcheverry eta Molle, eta horiek Pariseko Zigor Auzitegiak epaitzea eskatu zuen iazko otsailean Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak. Armak, munizioak eta lehergaiak izatea, eta ETArekin lotura izatea leporatzen dizkiete. 10 urterainoko espetxe zigorra eta 100.000 euroko isuna ezar diezaizkiekete. Gaur eta bihar egingo da epaiketa.

Defentsa nola bideratuko duten galdetuta, Etcheverryk azaldu du erronka nagusia galdera bat argitzea izango dela: "Zer ginen, terroristak ala artisauak?". Bere hitzetan, ez Espainiako Gobernuak ezta  Frantziakoak ere ez zuten urratsik eman armagabetzea ahalbidetzeko, eta horren aurrean "guk gure ardurak hartu genituen". "Orain, guk erraten dugu; Luhusukoa ez bagenuen egin, zer pasatzen ahal zen? Zenbat iraunen zuen egoerak eta zer arrisku izanen zuen horrek Euskal Herriarentzat? Guk egindakoa beharrezkoa zela eta emaitzak agerikoak direla, hori esanen diogu epaileari".

Euskal Herriko eta Frantzia osoko 4.000 eragilek baino gehiagok eskatu dute bi ekintzaileon errugabetzea, eta epaiketan bertan ere, besteak beste, Frantziako Gobenuan ardurak izan dituzten zenbait kidek deklaratuko dute defentsaren lekuko bezala. Horren garrantzia azpimarratu du Etcheverryk: "hori ez da sekulan ikusi eta horrek argiki erran nahi du auzi hau berezia dela. Ene ustez, horiek esplikatuko dute Luhusukoak beste urrats guztiak ireki arazi dituela eta Luhuso gabe egoerak lehen bezala segitzen ahal zuela, arrisku guztiekin".

Nolanahi ere, 'bake artisauek' argi dute "Parisko Auzitegiko 16. Ganbara terrorismoaren aurkako epaitegi berezi bat" dela, "epaile berezia eta fiskal berezia, euren logika propioarekin, euskal gizartearenarekin bat ez datorrena".

Luhusoko operazio hartan, beste hiru pertsona ere atxilotu zituzten: Stephane Etchegaray Etxe, Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergougnan; lehendabizikoa errugabe jotzea eskatu zuen fiskalak. Azken biak 2021ean eta 2017an hil ziren, hurrenez huren. Horien, eta bakegile lanetan aritu zen Michel Tubianaren (2021ean zendu zen) konpromiso politikoa agerian utzi nahi dute epaiketa honetan. "Ezin dugu onartu horiek egin duten ekintza kolektiboa terrorismo bezala kalifikatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Irratia euskaraz Lapurdi