Politika -

Valentzia

Epaileak Monica Oltraren aurkako auzia artxibatu du, inolako deliturik ikusi ez duelako

2022an Valentziako Generalitateko presidenteorde ohia dimisioa ematera behartu zuen auzi judiziala artxibatzea pozarren hartu dute Compromiseko alderdikideek, eta lehen lerro politikora itzultzeko deia egin diote Oltrari.

Monica Oltra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Monica Oltra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Monica Oltra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valentziako instrukzio epaileak behin-behinean artxibatzea erabaki du Monica Oltra Valentziako Generalitatearen presidente ohiari eta ikertutako haren goi-kargudun ohiei irekitako auzia, haien jardueran deliturik ikusi ez duelako, ezta Oltraren senar ohiak, gizarte-hezitzaileak, tutoretzapeko adingabe bati egindako sexu-abusuen ustezko estalketarik ere.

Valentziako Generalitateko presidenteorde ohia 2022an dimisioa ematera behartu zuen auzi judizialaren artxibatzea pozez hartu dute Compromiseko alderdikideek. Berretsi dute beti izan dutela bere errugabetasunean konfiantza, eta lehen lerro politikora itzultzeko deia egin diote Oltrari.

PSPV-PSOE alderdian ere pozik hartu dute albistea, alderdi horrekin bat egin baitzuen Oltrak 2015etik Valentziako Gobernuan. Sozialistek PPri "ehizaldi" politikoagatik barkamena eskatzea exijitu diote.

96 orriko ebazpenean, Vicente Rios 15. zenbakiko instrukzio epaileak ondorioztatu du ez dela egiaztatu, ezta zantzurik aurkitu ere, Oltrak, ezta ikertutako beste edozein laguntzailek ere, inolako agindurik eman zutenik abusuen kasua ezkutatzeko. Abusu horien egilea Luis Ramirez izan zen, Generalitatearen tutoretzapeko gazte bati , orduan adingabea zenari, abusuak egiteagatik kartzelan dagoen gizarte-hezitzailea.

Compromisek Valentziako Gobernuko presidenteorde ohiaren "errugabetasuna eta zintzotasuna" txalotu ditu, "jazarpen judiziala" deitoratu du. Era berean, Oltrak dimisioa eman zuen egunean esandakoak gogora ekarri ditu: "Aurpegia altu eta hortzak ondo estututa".

Kongresuko bozeramaile Ageda Micok adierazi duenez, "egiak bide bakarra du", eta Joan Baldovik bere buruari galdetu dio nork ordaintzen duen orain gaizki egindako guztia, sufrimendua, irainak eta jazarpena.

Iñigo Errejon Sumarren Kongresuko bozeramaileak ere Conselleko presidenteorde ohiak jasandako "kalte politikoaz" hausnartzea eskatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa