Politika -
Sanchezen erabakia
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, Kongresuaren aurrean demokrazia aldarrikatzeko
Pedro Sanchezen agerraldia baino ordu batzuk lehenago, 'Por amor a la democracia' (Demokraziarekiko maitasunagatik) lelopean egin da. Halaber, "ez dira pasatuko" edo "mafia judiziala gelditu behar da" bezalako leloak entzun dira, baita Sanchez eta haren emazte Begoña Gomezen aldeko oihuak ere.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea hedabideen aurrean agertu baino ordu batzuk lehenago, milaka lagun bildu dira gaur Madrilen 'Por amor a la democracia' lelopean egin den manifestazioan. La Plaza elkarte herrikoiak deitutako martxa Atochatik abiatu eta Diputatuen Kongresura iritsi da.
19:00etan abiatu da manifestazioa "eskuin mediatikoaren faltsukerien aurrean demokrazia defendatzeko".
Besteak beste, Monica Garcia Osasun ministroa, Ernest Urtasun Kultura ministroa, Iñigo Errejon Sumarren bozeramailea Kongresuan eta Estrella Galan Europako hauteskundeetarako hautagaia izan dira bertan.
Atochatik Diputatuen Kongresura, ordubete inguru iraun duen mobilizazioan, Pedro Sanchezen aldeko hainbat kantu entzun ahal izan dira, dimisioa ez emateko eta amore ez emateko eskatuz. Gainera, Begoña Gómez Sanchezen emazteari ere babesa erakutsi diote "Begoña, zurekin gaude" oihukatuz. Halaber, "ez dira pasatuko" edo "mafia judiziala gelditu behar da" bezalako leloak entzun dira.
Kongresura iritsitakoan, PSOEren ereserkia ere entzun da presidentearen alde. Sanchezek, bihar jakinaraziko du Gobernuko buru izaten jarraituko duen ala ez.
Jose Luis Martinez La Plaza elkarteko bozeramaileetako batek kazetariei adierazi dienez, "PP eta bere botere mediatikoa eta judiziala mafia bat dira".
"Ezin dugu normalizatu gobernu demokratikoak deuseztatzeko gai diren hedabideak egotea, eta ezin dugu normalizatu justizia baino politika gehiago egiten duten epaileak egotea", esan du, eta Monica Oltra, Manuela Carmena, Pablo Iglesias edo Irene Monterorenak bezalako kasuak ekarri ditu gogora.