Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Pedro Sanchezen erabakia, EAJ eta PSE-EEren arteko bilera, eta Labioko hilketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 29an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pedro Sanchezen erabakia: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du, gobernuburu izaten jarraituko duen ala ez argitzeko. Iragan asteazkenean bost eguneko hausnarketa epea abiatu zuen agintean jarraitzeak merezi ote duen erabakitzeko, hain justu, Begoña Gomez bere emaztearen aurka hasitako auzibidearen ondoren. Moncloa jauregian egingo du agerraldian, oraindik ordua zehaztu ez badu ere. Konfiantza-galdea, dimisioa edo presidentetza beste sozialista bati uztea, Sanchezen aukeren artean.
- EAJ-PSE bilera: Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondotik, gobernua osatzeko elkarrizketak abiatuko dituzte EAJk eta PSE-EEk. Bilera 11:30ean egingo dute, Sabin Etxean. Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Joseba Aurrekoetxea eta Bakartxo Tejeria izango dira bertan EAJren izenean, eta Eneko Andueza, Miguel Angel Morales eta Begoña Gil, berriz, PSE-EE ordezkatuz.
- Labioko hilketa: Itxura guztien arabera, gaur pasako da epailearen aurretik Labion semea hil izana aitortu duen 83 urteko gizonezkoa. Eskopeta batekin tiro eginez hil zuen ustez aitak 55 urteko semea igande goizean.