Politika -
Enplegu sailburua
Gemma Zabaletak 'amaitutzat' jo du ibilbidea, Jaurlaritzan izan ostean
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak esan duenez, Eguigurenen agurrak ez du zerikusirik izan erabakian, eta egindakoa politika duinaren aldeko mezua dela nabarmendu du. Hezkuntzara itzuliko da.
Erredakzioa
Gemma Zabaletak asteazken honetan azaldu duenez, lehen mailako politika uztea erabaki du bere ibilbidea ‘amaitutzat’ emanda, Eusko Jaurlaritzan Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburua izan ostean.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, "erabaki zaila eta ondo pentsatutakoa" izan dela nabarmendu du Zabaletak, politikan 25 urte eman ostean, eta datorren Eusko Jaurlaritza osatutakoan hezkuntzara itzuliko dela adierazi du.
Erabaki hau politika duinaren "mezua" dela esan du, politikariak kargu publiko batean mantentzeagatik "edozer" egiteko prest dauden pertsonak bezala aurkezten dituen diskurtsoaren kontra. Halaber, politikan sinesgarritasuna izatera itzultzeko ekarpena izan dela ere azpimarratu du.
Zabaletak Patxi Lopez lehendakariari sailburu izendatu izana eskertu dio, eta "politikari baten ibilbidea tontorrera iristea egiten duena, zeure herrialdearen Gobernuan izatea" dela adierazi du.
Halaber, bere ibilbidean bi buru sozialistek izan duten papera nabarmendu du, Manuel Huertas Gipuzkoako idazkari nagusi ohiak eta Ramon Jaureguik.
Eguigurenen eraginak ukatu ditu
Zabaletak politika uzteko erabakian Jesus Eguigurenek hori egin izanak ez duela zerikusirik adierazi du. Halaber, biek alderdiaren barruan jarraituko dutela gaineratu du oinarrizko militante moduan.
Sailburuak esan duenez, orain erretiratzea erabaki du legealdiaren amaiera delako eta azaroaren 21eko hauteskundeetarako zerrendak osatzen ari direlako.
"Eginkizunak beteta, lasai eta erabat ziur nago hartutako erabakiarekin, harro 25 urteotan egindakoarekin eta esandakoarekin", nabarmendu du Zabaletak. "Politikan egotea baino ia garrantzitsuagoa da joaten jakitea", gaineratu du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak esan du "gauza batek ez duela nahitaez betiko izan beharrik", lehenengo mailako politika uztearen erabakiari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzako parte izatearen harira, 14 urtez legebiltzarkidea izan den Enplegu sailburuak Euskadiren zerbitzura egoteak bere helburu guztiak betetzea egin duela adierazi du. "Izan dudan ohorerik eta konpromisorik handiena", nabarmendu du.
Zabaletaren hitzetan, "politikan egoten jakitea ez egoten jakitea bezain garrantzitsua da, baita zikloak ixten jakitea ere". Halaber, hainbat interes dituela adierazi du, besteak beste, gizarteak pertsona nagusiekin dituen arazoei irtenbidea ematea… eta politikako lehenengo mailan ez egotearekin bat datorren garatzeko alde bat duela jakinarazi du.
Jesus Eguigurenen politika mundua uzteko erabakiarekin eta Zabaletarenarekin PSE-EEko sektore euskaldunak pisua galdu ote duen galdeginda, ezetz erantzun du, eta sozialismoa euskalduna izatearen zaletasunarekin bat doala nabarmendu du, "bi gauzak ezin dira bereizi", gaineratuz.
Datorren Gobernuak izatea gustatuko litzaizkiokeen helburuen inguruan, Zabaletak adierazi du gauza guztien gainetik politikak "duina" izan behar duela, "duina bihurtu beharra dago". Politikaren erdigunean pertsonek egon behar dute, "gizarte justuago baten alde egin behar dugu, pertsona hobeagoekin", azpimarratu du.
Zabaletak azaldu duenez, ETAk behin betiko armak uztea nahi du, bizikidetza eraikitzeko pausoa ematea, ezker abertzalea beste indar politikoekin harremanetan jartzea, memoriari, aitorpenari…dagokionez. "Gobernuak egoerak eskatzen duena betetzea" eskatu du, "asko jokatzen ari garelako etengabeko murrizketen aurrean". Erantzun "ausart" baten alde egin du.
ELAren ustez, ''zorigaiztokoa'' da Zabaletaren kudeaketaren balantzea
ELA sindikatuaren hitzetan, ''zorigaiztokoa'' izan da Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Arazoetako sailburuaren kudeaketaren balantzea.
Ohar batean, ''eskuinak gustuko dituen politikak egin, eta, hala ere, irudi progresista eman nahi izatea'' leporatu diote. Sindikatuaren ustez, errealitatea ezkutatu nahi izan du Zabaletak, ''iritzi publikoari gezurra esanaz''.