Politika -
KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK
Zer da Aliança Catalana? Espazio subiranistan ezinegona eragiten duen alderdi islamofoboa
Silvia Orriols Aliança Catalanaren buruak "Kataluniaren askapen nazionalaren alde borrokatzea" defendatzen du, "immigrazio-politika negargarriei buelta ematearekin" batera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
'Salba dezagun Katalunia!' lelopean, Silvia Orriols Serra buru duen Aliança Catalana bi eserlekurekin sartu da Kataluniako Parlamentuan eta jarrera islamofobo, etnizista eta immigrazioaren aurkakoak eramango ditu bertara. Subiranistak dira baina Voxen antza dute horretan, eta hori dela eta, gainontzeko talde independentistek ez dute eurekin inolako zerikusirik izan nahi.
Silvia Orriolsek 2023ko udal hauteskundeetan egin zen ezagun, Ripolleko (Girona) alkate izatea lortu zuenean, baina askoz lehenagotik zen ezaguna sare sozialetan, profil oso polemikoa baitzuen, mezu xenofoboengatik, batez ere.
1984an Vic-en (Bartzelona) jaioa, Bibliotekonomian eta Dokumentazioan diplomatu zen Orriols Vic-eko Unibertsitatean eta lau seme-alabaren ama da.
2004an, Estat Catalarekin aurkeztu zen Europako hauteskundeetara, eta, geroago, Front Nacional de Catalunya (FNC) eskuin muturreko taldean sartu zen. 2019an estreinatu zen Ripolleko Udalean FNCko zinegotzi gisa, eta hurrengo urtean hura utzi eta Aliança Catalana sortu zuen. Bi sentimenduri esker hazi da, batez ere, alderdia: batetik, independentismoaren zati batek azken muturreraino ez joan izana leporatzen dio ERCri, JxCati eta CUPi; eta, bestetik, 2017ko atentatu jihadistek Katalunian eragin zuten inpaktuagatik. Abdelbaki Es Satty izan zen buruz, Ripolleko imana, hain zuzen ere.
Independentzia lortzeko aldebakarreko bidea aldarrikatzen du
Carles Puigdemonten miresle sutsua izan zela aitortu du Orriolsek, baina, azkenean, proceseko alderdien "epeltasunagatik" desengainatu egin zela. Hala eta guztiz ere, ez zuen baztertzen Puigdemonten balizko inbestidura babestea, baina "Kataluniaren askapen nazionalaren alde borrokatzeko eta immigrazio-politika negargarriei buelta emateko" baldin bada.
Orriolsek aldebakarreko independentzia deklarazioa (DUI) aldarrikatzen du bideorri gisa, "zortzi segundora" bertan behera utziko ez dena, hortzekin defendatuko dena eta Espainiako legeak automatikoki indargabetuko dituen "Kataluniako legalitate berri bat" ezartzea ahalbidetuko duena.
Gogoan izan behar da, dena dela, Juntsek, ERCk eta CUPek itun antifaxista bat sinatu dutela Voxi eta Aliança Catalanari "osasun hesia" edo betoa ezartzeko.
Gorroto-diskurtsoa
Orriolsek ez du eragozpenik bere burua "islamofobo" gisa definitzeko, Islamak "beldurra" ematen diola esan izan du behin baino gehiagotan, "mendebaldeko balioekin bateragarria ez den bizi-eredu bat inposatzen saiatzen den ideologia politiko-erlijiosoa" dela, eta etorkinei delinkuentzia-iturri izatea, laguntza publikoekin geratzea eta katalantasuna itotzeko bidean doan ordezkapen etnikoa eragitea leporatzen die.