Politika -
Elkarrizketa Radio Vitorian
EAJ eta PSE-EEren arteko negoziazioak "bide onetik" eta "erritmo onean" doaz, Diez Antxustegiren arabera
Alderdi jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak azaldu duenez, EAJren eta PSE-EEren programak bateratu eta gobernu programa bakar bat osatzeko lanean ari dira.
Agentziak | EiTB Media
Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile izendatu berriak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza berria osatzeko negoziazioak "bide onetik" doazela adierazi diola Imanol Pradales lehendakarigaiak. Horren esanetan, EAJren eta PSE-EEren arteko negoziazioak "erritmo onean" ari dira aurrera egiten, giro "positibo" eta "zintzoan".
Radio Vitorian egindako elkarrizketan azaldu duenez, bi alderdietako negoziatzaileak aldatu badira ere, azken urteetan bi alderdiek elkarren artean akordioak lortzeko eskarmentua izateak gauzak "errazten" ditu.
Joseba Diez Antxustegik berretsi du une honetan "gobernu akordio on bat" lortzeko lanean ari direla, eta aurrerago sartuko direla arduren eta sailen banaketan. Gobernu akordioak "desadostasunak" jasoko dituela onartu du, aurrekoetan gertatu den bezala. "Daukagun eskarmentuarekin, segur aski, gai izango gara desadostasunak elkargune bihurtzeko", gaineratu du.