Politika -

KONGRESUA

Parekidetasunaren legea onartuta, enpresa eta erakundeetako karguen % 40 gutxienez emakumeentzat izango dira

Gainera, PSOEren eta Podemosen arteko itun batek neurriaren irismena zabaldu du, eta horren arabera, emakumeen ordezkaritza % 100era irits daiteke, betiere, justifikatzen bada.

Kongresua, gaur. Argazkia: EFE
Kongresua, gaur.
Kongresua, gaur. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekideari eta presentzia orekatuari buruzko lege organikoa, parekidetasunaren legea bezala ezagunagoa, onartu du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuak. PPk eta Voxek kontra bozkatu dute.

Behin araua onartuta, hemendik aurrera, derrigorrezkoa izango da erakundeetan, enpresa handietako (Ibex 35) administrazio-kontseiluetan, hauteskundeetako hautagai-zerrendetan eta konstituzio-organoetan emakumeen presentzia gutxienez % 40koa izatea. Presentzia orekatua bermatzeko, legeak 60/40 formula ezartzen du.

Halaber, PSOEk eta Podemosek adostutako erdibideko zuzenketa baten ondorioz, legearen hasierako irismena zabaldu egin da, eta aipatutako erakundeetan emakumeen ordezkaritza % 100era irits daiteke, betiere, justifikatuta. "Baliteke emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekidearen eta presentzia orekatuaren irizpidea ez aplikatzea, ekintza positiboaren printzipioarekin bat etorriz, emakumeen ordezkaritza % 60tik gorakoa bada. Nolanahi ere, justifikatu egin beharko da", dio arauak.    

Parekidetasunaren legea ezartzeko egutegia malgutuz joan da. Gaur onartutako testuaren arabera, 2025eko ekainera arteko epea izango dute Ibex 35eko enpresek lege berrira egokitzeko, eta 2028ra artekoa erakunde publikoek.

Erreakzioak

Testuinguru horretan, Joseba Agirretxea EAJko diputatuak nabarmendu du lege horrek gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bultzatzen duela, baina uste du iritzi ezberdinak egon daitezkeela oreka hori finkatzeko edo ezartzeko orduan. "Akordio honek, emakumeen presentzia handitzeko metodoak eskaintzen ditu", nabarmendu du Agirretxeak.

"Administrazio kontseiluetan emakume gehiago izateak ez du beti hobetzen gainerako emakumeen bizitza", adierazi du Isabel Pozueta EH Bilduko bozeramaileak. "Parekotasuna da soldata-arrakalari amaiera ematea, kontziliazioan aurrera egitea, zaintzak duintzea, etxebizitza-politika aurreratuak ezartzea eta errenta birbanatzea", azpimarratu du Pozuetak. EH Bildurentzat, lege hori ez da nahikoa.

Nori eragiten dio parekidetasunaren legeak?

- Gobernuaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren organoak.

- Konstituzio-organoak: Auzitegi Konstituzionala, Estatu Kontseilua edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia.

- Administrazioak banatzen dituen sari eta aitortzak emateko eratutako epaimahaiak.

- Profesionalen elkargoetako batzordeak.

- Ibex 35ean kotizatzen duten enpresak.

- Hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa