Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Lehendakariaren balantzea, Iruña-Veleiako aurkikuntza eta MCren batzar orokorra
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 17an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lehendakariaren balantzea: Imanol Pradales lehendakariak alderdiekin egin berri dituen bileren balantzea egingo du, eta osasun arloko sindikatuekin (Medikuen Sindikatua eta Satse) bilduko da, gizarte eragileekin hastekoa duen bilera sortaren baitan.
- Iruña-Veleiako aurkikuntza: Arkikus enpresak, Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarreko ikerketez arduratzen denak, Gasteizko kanpoaldean, zirku erromatar bat aurkitu du, eta, lehen kalkuluen arabera, 5.000 ikusle inguru hartzeko tokia zuen. Gaur emango du ofizialki aurkikuntzaren berri Arabako Foru Aldundiak, hedabideen aurreko agerraldi batean.
- Mondragon Korporazioaren batzar orokorra: Mondragon Korporazioak bere batzar orokorra egingo du Bilbon, Euskalduna Jauregian. Iñigo Ucin zortzi urtez presidente izandakoak erretiroa hartuko du, eta abuztutik aurrera beteko du kargua Pello Rodriguezek. 2025-2028rako bide-orria ere bozkatuko dute kooperatibistek.