Politika -
Biografia
Santiago Carrillo: Komunismoaren ikur
Otsailaren 23ko Estatu kolpean, Adolfo Suarez eta Gutierrez Mellado jeneralarekin batera bere eserlekuan zutik gelditu zen.
Erredakzioa
PCE Espainiako Alderdi Komunistan miretsia eta ezbaian jarritako gizona izan zen Santiago Carrillo. Aurkariak beldurtzeko moduko politikaria, erabaki polemiko ugari hartutakoa, Santiago Carrillok "adostutako zatiketaren alde" egin zuen Espainiako trantsizio politikoa bideratzeko.
Gijonen jaio zen 1915. urteko urtarrilaren 18an. PSOEko eta UGTko militante baten semea, jaio eta berehala Madrilera joan zen bizitzera.
1928an, Gazte Sozialistak alderdian sartu zen, baina gazte sozialisten eta gazte komunisten elkarteek bat egin zuten 1936an, eta alderdi berriko idazkari orokor izendatu zuten. Urte berean, uztailean, Espainiako Alderdi Komunistan afiliatu zen.
1939an Frantziara joan zen eta 38 urtez erbestean egon zen. Sobietar Batasunean, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Argentinan, Mexikon eta Aljerian egon zen, baina Paris izan zen bere bizilekua.
Espainiako Alderdi Komunista "Alderdia" bezala ezagutzen zen, frankismoaren aurkako marka bilakatu baitzen, eta 1960. urtean, idazkari orokor izendatu zutenean, 25.000 kide baino gehiago zituen. Karguan zegoela, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaz urrunduz joan zen. Franco hil eta gero, Alderdi Komunistaren legalizazioa lortzeko formula askoz baliatu zen; ospetsuena, 1976. urteko abenduaren 10ean, Madrilen, peluka batekin azaldu zeneko prentsaurrekoa. Hori dela eta, egun batzuk geroago atxilotu egin zuten.
Alderdi Komunistak Atotxako heriotzei emandako erantzunaren ondorioz, Adolfo Suarezekin biltzea lortu zuen.
Bilera honek bi politikarien arteko ustekabeko adiskidetasun harremana sortu zuen, eta 1977ko "Larunbat Gorri Santuan" Alderdi Komunista legeztatu zuten. Carrillok berak egindako hausnarketa baten arabera, horren ondorioz frankismoa bitan hautsi zen, "muturrekoak isolatu" egin ziren eta 1978ko Konstituzioan amaitu zen "adostutako zatiketarako" baldintzak eman ziren.
Lehen hauteskunde demokratikoetan, diputatu hautatu zuten, eta "Moncloako itunetan" parte hartu zuen, ordezkari komunista gisa.
1979an berriz hautatu zuten diputatu eta legegintzaldi horretan, otsailaren 23ko Estatu kolpeko protagonistetako bat izan zen, izan ere, Tejero koronelaren aginduari muzin egin eta Adolfo Suarez Gobernuko presidentearekin eta Gutierrez Mellado presidenteordearekin batera, zutik gelditu zen bere eserlekuan.
Barne krisi batzuen eta hizketaldi luzeen ostean, 1991n politika utzi zuen.
Ordutik, liburuak eta komunikabideetan artikuluak idazteari ekin zion, baita konferentziak emateari ere.
Hainbat aitorpen izan zituen trantsizioan jokatutako paperagatik, batik bat 2005etik aurrera (90 urte bete zituen).
Urriaren 20an doctor honoris causa izendatu zuten, baina eskuin muturreko gazteek boikota egin zioten omenaldiari.
2008ko urtarrilaren 17an, Sabino Arana Fundazioak saria eman zion, Francoren diktaduraren ostean "Espainian demokrazia ezartzeko prozesuan izandako parte-hartzea aitortzeko". 2008ko abenduan Lanaren Merituaren Domina eman zioten.
Politikatik kanpo, Carrillok kazetaritzat zuen bere burua, lanbidea 16 urterekin hasi zuen, "El Socialista"n erredaktore izanez.
Hainbat liburu idatzi zituen; azkena, 2011ko urtarrilaren 18an aurkeztu zuen, 96 urte bete zituen egunean, hain zuzen ere. Liburuaren izenburua, honako hau: "La difícil reconciliación de los españoles" (Espainiarren bakeak egiteko zailtasunak).
Carmen Menendezekin ezkonduta egon zen, eta hiru seme zituen: Santiago, Jorge eta Jose. Azken hau Madrilgo Unibertsitateko errektore izendatu zuten 2011ko apirilean.