Politika -
EUSKADI IRRATIA
Zupiriak: "Toki jakin batzuetan segurtasun ezarekiko kezka areagotu egin da, eta horri erantzun behar diogu"
"Euskadi munduko leku seguruenetako bat" dela nabarmendu arren, Segurtasun sailburuak onartu du "delinkuentzia mota berriak" nagusitzen ari direla gurean. "Ziberdelituak, labanak daramatzaten pertsonak eta sexu-indarkeriarekin lotutako delituak" aipatu ditu horien artean.
EITB MEDIA
Ardura berrira "egokitzen" ari dela onartuz eta "segurtasunaren inguruko herri politikak kudeatzea ardura handia" dela esanez abiatu du elkarrizketa Euskadi Irratian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, kargua hartu zuenetik eskaini duen aurrenekoa eskainita.
Herri eta hirietako festa garai betean, kezka agertu du segurtasunarekiko ezinegona areagotzen ari delako. "Euskadi da munduan dagoen tokirik seguruenetakoa, baina gero eta gehiago dira segurtasunarekiko kezka agertzen duten herritarrak. Egia da kezka bat dagoela eta horri erantzun behar zaiola", esan du.
Nolanahi ere, zehaztu du ezinegona ez dela orokorra, eta "leku jakin batzuetan" kokatzen dela, "jende gehien bizi den tokietan, hirietako leku jakin batzuetan". Horren harian, "delinkuentzia mota berriak" aipatu ditu, "gizartean nagusitzen" ari baitira, bere hitzetan. Hiru delitu mota zehaztu ditu: ziberdelituak, arma zuriz egindako delituak eta emakumeen kontrako sexu-indarkeriarekin lotutakoak. "Ez gaude ohituta", baina "goraka" doazen delituak direla azaldu du. Horiei guztiei aurre egiteko, besteak beste, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlana indartzea ezinbestekoa ikusten du.
Pablo Gonzalez atzo aske geratu zen errusiar jatorriko euskal kazetariari buruz galdetuta, sailburuak esan du hedabideen bidez jaso zuela horren berri. Gaiari buruz azaldu du "azken bi urteotan bezala" Eusko Jaurlaritzak ez duela baloraziorik egingo "atxiloketaren bueltan egon daitezkeen arrazoien inguruan". "Guk gure esku zegoena egin dugu beti Pabloren egoera argitzeko. Harrigarria dena da EBko herrialde bateko pertsona bat bi urtez preso egotea, akusaziorik eta epaiketarik gabe. Hori gertatu da Europaren bihotzean", gehitu du.
Azkenik, PSC eta ERC alderdiek Kataluniarako itxitako aurreakordioak finantzaketa ekonomikoarekin inguruan piztu duen eztabaidaz ere mintzatu da. Hainbat ahotsek besteak beste esan dute Kontzertu Ekonomikoa sistema "insolidarioa" dela; horren aurrean, Zupiriak adierazi du EAEren finantzaketa ereduak oinarri sendoak dituela, eta Gernikako Estatutuan, Espainiako Konstituzioan eta Europako erakundeen aitortza duela.