Politika -

Osakidetza

EH Bilduk Osasun sailburuaren agerraldia eskatu du, Larrialdietako egoeraren ondorio "larrien" aurrean

Koalizioak "urteetan" ohartarazi du Larrialdien egoera "eskasez" eta horrek ekarriko lituzkeen ondorioez, eta "orain arteko kudeaketa ereduaren errotiko aldaketa" eskatu du.

Anbulantzia. Argazkia: CCOO
Anbulantzia.
Anbulantzia. Argazkia: CCOO

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eskatu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia, Osakidetzaren Larrialdietako egoera azal dezan, "aurreikusten zen bezala", uda honetan jazotako gertakari "gero eta larriagoek" ondorio bereziki larriak izan baitituzte.

Koalizioak gogorarazi du askotan ohartarazi duela Larrialdien egoera "eskasez" bai eta horrek ekarriko lituzkeen ondorioez, eta "orain arteko kudeaketa ereduaren errotiko aldaketa" eskatu du. Estrategiarik eta proiekturik eza kritikatu du, eta horri azken urtean koordinazio-zentroetan medikuak murrizteko edo anbulantziei medikurik gabe lan egiten uzteko erabakia gehitu zaio.

"Zoritxarrez, azken urteotan EAEko herritarrak pairatzen ari dira ondorioak. Indarrean dagoen kudeaketa ereduari aurre egiteko hainbat proposamen egin izan ditugu, baina orain arte EAJ eta PSE-EEk uko egin diote kudeaketa eredu hori aldatzeari", nabarmendu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.

Prentsa ohar batean, koalizioak "egoera oso larriak" izan direla jaso du, besteak beste, gizon baten heriotza, abuztuaren 22an, Laudion (Araba), miokardioko infartu akutu batek jota medikurik gabeko anbulantzia bat bidali zutelako. EH Bilduk azaldu duenez, Laudioko EAGko medikuaren eta koordinazio zentroko medikuaren arteko "liskar" baten ondoren, azkenean bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia joan zen Bilbotik. "Azkenean, 40 minutu baino gehiago pazientearengana iristeko", eta hiru ordura hil egin zen.

Koalizioak Osasun Sailaren menpe dauden kudeaketa pribatuko anbulantzien egoera ere kritikatu du: "Oso ohikoa bilakatu da zerbitzuz kanpo egotea, erizaindun anbulantziak erizain gabe daudelako", enpresek ez dituztelako bajak kubritu nahi.

"Dauden zuloak estaltzeko gai ez izateaz gain, osasun langileak egoera horiei aurre egin beharrean daudenean, ez dituzte kudeaketa-zuzendaritzaren aldetik protokolo egokirik jasotzen, ezta inolako segurtasun juridiko ezta klinikorik ere. Beraz, langileak egoera horretan badaude, pentsa herritarrak nola dauden", gaineratu du Uberak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak