Politika -
RADIO EUSKADI
Matutek uste du "orain" dela unea nazio aniztasunari buruz "aurrerapausoak" egiteko
Venezuelaren egoeraz ere hitz egin du EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile ondokoak. Hauteskundeetako aktak "argitasunez" publikatzea ezinbestekotzat jo du, uste baitu gaur gaurkoz inork ez dituela mahai gainean jarri "ukaezinak diren emaitzak".
EITB MEDIA
"Erraza ez" dela izango aitortuta, Oscar Matute EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile ondokoak uste du "Espainiako Gobernuaren ahultasuna" aukera bat dela, autogobernuaren alorrean sakondu eta aurrerapausoak egiteko. Eztabaida honetan PSOEren marra gorriei koalizio abertzaleak ez diela beldurrik nabarmendu du. "Ez naiz PSOEren marra gorrien beldur. Hipikan baino gaitasun handiagoa du salto egiteko".
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, nabarmendu du "orain" dela unea nazio aniztasunaren gaiari heltzeko, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek zabalik dagoen "aukera leihoa" aprobetxatu beharko luketela iritzi dio. "Jakitun gara Espainian, ezkerreko zein eskuineko blokean, batasun sentimendua oso indartsua dela", gehitu du.
Venezuelari buruz ere hitz egin du ezker abertzaleko koalizioko kideak. "Harridura" agertu du Caracasen asteburuan atxilotu zituzten bi bilbotarren gaiaren inguruan, eta "gardentasuna" eta "informazioa" eskatu ditu. "Gertatu dena argitzeko ezinbestekoa da informazioa izatea", bere hitzetan.
Herrialde hartan egoera bere onera ekartzeko "lagundu" egin behar dela esan du Matutek, eta zenbaiten adierazpenetan atzeman omen dituen "tik kolonialak soberan" daudela erantsi du. Hala, hauteskundeetako aktak "argitasunez" publikatzea ezinbestekotzat jo du, uste baitu gaur-gaurkoz inork ez dituela mahai gainean jarri "ukaezinak diren emaitzak".