Politika -
Hauteskundeen ostean
Patxi Lopez Madrilera joango da erkidegoko senatari gisa
Senatuko talde sozialistako iturriek ziurtzat jotzen dute Patxi Lopez Madrilera joango dela, nahiz eta kazetarien aurrean ez duten informazioa berretsi nahi izan.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari orokorrak politika nazionalera salto egingo du, eta senatari autonomiko gisa joango da Madrilera,igandeko hauteskundeetako emaitzen ostean (PSE-EEk 9 eserleku galdu ditu).
Senatuko talde sozialistako iturriek ziurtzat jotzen dute Patxi Lopez Madrilera joango dela, baina Marcelino Iglesias bozeramaileak ez du informazioa kazetarien aurrean berretsi nahi izan.
Lehendakariaren etorkizunaz galdetuta, "bere erabakia da eta besteek onartu egingo dugu, ongi irudituko zaigu gainera", adierazi du Iglesiasek.
Igandeko hauteskundeetan, PSE-EEk 2009an lortu zituen bozen heren bat galdu zuen. Hala ere, hiru lurraldeetan % 19ko babesa du.
211.939 boz lortu ditu EAEn, eta EAJren eta EH Bilduren atzetik hirugarren indarra da PSE-EE.
2009an, ordea, 318.112 boto (% 30,7) eskuratu eta 25 eserleku lortu zituen.
Eusko Legebiltzarrak dagozkion hiru senatari autonomikoak izendatuko ditu orain. Egun, Joseba Zubia (EAJ), Roberto Lertxundi (PSE-EE) eta Juana Iturmendi (PP) dira.
Legebiltzarkide akta jasoko du
Patxi Lopezek legebiltzarkide akta jasoko du eta inbestidura saiora joan ostean "erabakiak hartuko ditu".
EAEko sozialisten iturriek berretsi dutenez, Lopezek "oraindik ez du bere etorkizunaren inguruko erabakirik hartu", eta epe motzean "legebiltzarkide akta" jasotzeko asmoa duela esan dute.