Politika -

'Parot doktrina'

Gallardon ziur dago Estrasburgok arrazoia emango diola Espainiari

Justizia ministroak gogora ekarri duenez, soilik helegiteen % 5 onartzen dute, eta horietatik gehienek jasotzen dute oniritzia. Herrirak dio Gobernuak "eskubideen urraketa luzatu" nahi duela.

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroa. Argazkia: Efe
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroa.
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroa. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroa ziur dago Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Estrasburgokoak, arrazoia emango diola Espainiako Gobernuari 'Parot doktrina'ren auzian, Gobernuak aurkeztutako helegitea aintzat hartu ondoren.

"Oso albiste ona da. Oso gutxitan hartzen dituzte aintzat helegiteak, % 5 ere ez, eta horietatik gehienek jasotzen dute epaileen oniritzia", azpimarratu du Gallardonek Kongresuko korridorean.

Justizia ministroaren arabera, Estrasburgoko auzitegiak helegitea atzera botatzea "injustizia handia" izango litzateke, eta horrek gizartearekin eta biktimekin zorrak dituzten presoak "behar baino lehen" askatzea ekarriko zukeen.

Ministroak esan du ebazpena datorren urteko martxoa igaro baino lehen espero dutela, datozen hilabeteetan izango baita helegitea aztertzeko saioa.

Fernandez Diezek Espainiako auzitegiak babestu ditu

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, bere aldetik, "albiste zoragarri"tzat jo du Estrasburgoko auzitegiak helegitea aintzat hartu izana.

Ministroaren esanetan, Gobernuaren esperantza da auzitegiak "Espainiako Gobernuari eta auzitegiei emango diela kartzela-politika" erabakitzeko ardura.

Herrira

Herrira presoen eskubideen aldeko kolektiboak, berriz, gogor salatu du Espainiako Gobernuaren jarrera, "giza eskubideen urraketa luzatu" nahi duelakoan "duela urte batzuk askatu behar zituzten presoekin".

Agiri batean azaldu duenez, "ziur" dago Estrasburgoko Auzitegiak "berretsi" egingo duela lehenengo ebazpena eta "salbuespeneko neurriaren amaiera" iritsiko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea