Politika -

Elkarrizketa ETBn

EAJ: 'Estatuaren eredua guztion artean aztertzeko unea da'

Horrez gain, Andoni Ortuzarrek ez ditu ETAren kontrako atxiloketak zalantzan jarri, baina Gobernuak bide hori bakarrik erabiltzea eta espetxe-politika ez aldatzea kritikatu du.

Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko presidentea, 'Egunon Euskadi' saioan. Argazkia: EITB
Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko presidentea, 'Egunon Euskadi' saioan. Argazkia: EITB
Ortuzarrek Estatuaren eredua guztion artean aztertzea proposatu du

00:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzarrek esan du "Estatuaren eredua guztion artean aztertzeko" unea iritsi dela, "Euskadi eta Katalunia nazioak direla aitortzeko".

Horrez gain, Artur Mas eta CIU "indartsu" eta "ideia argiekin" ikusten dituela adierazi du, baina EAJk bere bideari eutsiko diola azpimarratu du, "2015ean estatus juridiko-politiko berri bat izatea ahalbidetuko duen akordioa lortzeko".

ETBn egindako elkarrizketa batean, PSCk hartu duen jarrerarekiko inbidia duela ere esan du. "PSEri erabakitzeko eskubidea aintzat hartzeko Konstituzioa aldatu egin behar dela entzutea gustatuko litzaidake", erantsi du.

Ildo berean, Alderdi Popularrak "beldurraren mamuarekin" jokatu duela iritzi dio. "Hilabete baino gutxiago geratzen da hauteskundeetara eta mundu guztia azeleragailua zapaltzen ari da", erantsi du.

Hala eta guztiz ere, EAJk bere ibilbide-orri propioa jarraituko duela nabarmendu du, "Katalunian baino lehenago hasi ginelako horretan".

"Gure bidea 2015a arte markatuta dago. Lehenengo euskaldunon arteko akordio zabala lortu behar dugu eta horretan jarriko ditugu indar guztiak. Ondoren Estatuarekin hitzarmen bat lortzea izango da gure eginkizuna, baina betiere gauza bat oso argi izanda: azken hitza euskal herritarrek izango dute", azaldu du.

Atxiloketak eta bake-prozesua

Bestalde, Andoni Ortuzarrek esan du EAJk ez dituela ETAren kontrako atxiloketak zalantzan jartzen, baina Espainiako Gobernuak urratsak bide horretan baino ematen ez dituela salatu du.

"Espetxe-politikan, adibidez, ez du inolako pausurik eman; Langraitzeko presoak urratsak ematen ari dira eta erantzun bat behar dute", gogoratu du.

Horrez gain, "errealitatea argia da: egungo legea aldatu gabe, ehunka presoren egoera konpon daiteke, hala nola, gaixotasun larriak dituzten presoena", azaldu du.

"30 urte daramatzagu bakearen zain eta orain ezin dugu aukera hau galdu. Horrenbestez, Gobernuak norabide guztietan eman behar ditu urratsak", erantsi du Ortuzarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea