Politika -
ETA
Gobernuak ez du kartzela-politika negoziatuko ETA desegitearen truke
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren ustez, ETAk kartzela-politika negoziatu nahi du desegin aurretik. Baina Gobernuak "inoiz ez" duela ETArekin negoziatuko berretsi du.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du ez duela ETArekin kartzela-politika negoziatuko, nahiz eta erakunde armatuak baldintza hori jarri desegiteko.
Hori da behintzat Barne ministroak uste duena, hau da, ETA "desegiteko prest" dagoela presoak askatzearen truke.
"Ez dut dudarik egiten ETA desegin egingo litzatekeela eta armak entregatuko lituzkeela, Gobernuarekin presoen etorkizunaz negoziatzearen truke", adierazi du Onda Cero irrati-katean.
"Baina Gobernuak ez du negoziatu, ez da negoziatzen ari, eta ez du inoiz negoziatuko erakunde terrorista batekin. Argi adierazi izan dugu hasieratik eta horixe da dagoena", azpimarratu du.
Fernandez Diazek azaldu duenez, negoziatzen hasita "arrazoia ematen diozu" ETAri eta "erakunde terroristak inoiz ez du arrazoirik".
Ministroak erantzun horixe eman dio El Pais egunkariak argitaratu duen albisteari. Izan ere, egunkari espainiarrak ezker abertzaleko iturrietan oinarrituta argitaratu duenez, ETA armak entregatzeko eta desegiteko prest dago presoei irtenbidea ematen bazaie.
Lokarrik "arduraz eta azkar" jokatzeko eskatu dio
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak "ahal bezain arduratsu eta azkar" jokatzeko deia egin dio Barne ministroari, ETAren indarkeria betiko amaitzeko "aukera aprobetxatze aldera".
Lokarrik agiri batean azaldu duenez, Fernandez Diazek ETAren asmoei buruz esandakoa "oso garrantzitsua da", ETAk "bake prozesuan aurrera egiteko, desarmearen agenda betetzeko eta desegiteko borondatea" erakusten duelako.
Baina ministroak, ordea, aipatu agenda "diseinatzeko borondaterik ez" duela salatu du Lokarrik.