Politika -

Omenaldia Ernest Lluchi

Barrenak barkamena eskatu du ETAko biktimenganako gogortasunagatik

Txelui Morenok eta Pernando Barrenak Rosa Lluch Ernesto Lluchen alaba besarkatu dute ministro ohi sozialistaren oroimeneko ekitaldian, Bartzelonan. Lehen aldia da ETAren biktimekin biltzen direla.

Barrenak barkamena eskatu du ETAko biktimenganako gogortasunagatik. EITB
Barrenak barkamena eskatu du ETAko biktimenganako gogortasunagatik
Ezker abertzaleak Ernest Lluchi egindako omenaldian parte hartu du

00:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena Sortu ezker abertzaleko alderdiaren bozeramaileak barkemana eskatu du ETAko biktimei "kaltea edo irain sentimendua" sortu ahal izanagatik, eta haienganekiko "sentikortasun falta" izan zitzaielako "beste biktimekin" alderatuz gero.

"Sentitzen dugu, asko sentitzen dugu, eta, egia esan, ez zen inoiz geure asmoa izan", esan du arratsaldean, Bartzelonan. Besteak beste, Ernest Lluchen (ETAk hil zuen duela 12 urte) alaba eta Jose Maria Portellen (ETAk hil zuen 1978an) alaba zeuden, eta txalo egin diote Barrenaren hitzaldiari.

Sortuko bozeramaileak "Hitz egin dezagun Euskadiz. Biktimak eta egoera berriaren papera" III Jardunaldietan parte hartu du, Nazioarteko Azterketa Historikoen Zentroak antolatuta. Aurten Lluchi egin diote omenaldia.

Sozialista ministro ohia eta unibertsitateko irakaslea duela 12 urte hil zuen ETAk, eta, haren omenaldia egin dute asteazken honetan, Bartzelonako Unibertsitatean. Barrenak bertan parte hartu du, ezker abertzaleko beste kide batzuekin batera, besteak beste, Txelui Morenorekin. Juan Maria Uriarte Donostiako apezpiku ohiak ireki du jardunaldia, eta bakeak egiteaz hitz egin du. Halaber, benetako adiskidetzeak egindako delituak aitortzea dakarrela nabarmendu du.

Lehenengo bilera publikoak ETAren biktimekin

Halaber, Barrena eta Moreno Rosa Lluchekin bildu dira, Ernest Lluchen alabarekin. Ezker abertzaleko kideak ETAko biktimekin publikoki biltzen diren lehen aldia da.

Pernando Barrenak Rosa Lluchekin izandako bilera honela azaldu du: "Balio handiko esperientzia da. Geuretzat aitorpena eta konponketa biktimen arloan nahitaezkoa da, herrialdeak behar duen adiskidetzean pentsatzeko orduan".

Lluchen alaba, Otegik kartzelan egon behar duen zalantzarekin

Rosa Lluchek "hitz egitea, hitz egitea eta hitz egitea" eskatu du, "hitzen ordua hau delako". Halaber Arnaldo Otegi buru abertzaleak kartzelan egon behar lukeen ez dakiela esan du "testuinguru honetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea