Politika -
Epaia
20 urteko kartzela-zigorra, Antza eta Anboto ETAko kideentzat
Frantziako justiziak era horretan lehendik jarritako zigorrak berretsi ditu, biek helegitea jarri baitzuten. Kartzelan bete beharko dituzte gutxienez zigorraren bi herenak.
Erredakzioa
Pariseko zigor arloko auzitegiak 20 urteko kartzela-zigorra ezarri die Mikel Albisu Antza eta Maria Soledad Iparragirre Anboto ETAko kideei.
Auzitegiak azaldu duenez, kartzelan bete beharko dituzte gutxienez zigorraren bi herenak eta kondena amaitzean Frantziatik kanpo geratuko dira. 2010eko abenduan lehenengo instantziako epaiketan bien aurka ezarritako zigorrak berretsi ditu era horretan.
Frantziako justiziak Antza ETAko buru politikoari eta Anboto finantzetako arduradunari 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zien, eta horren aurkako helegitea aurkeztu zuten. Biek 51 urte dituzte eta 2004an Salies de Bearnen (Frantzia hego-mendebaldean) preso hartu zituztenetik kartzelan daude.
Helegitea
Helegitea jartzeko prozesua hilaren 12an hasi zuten, ETAko buruzagi ohiek 20 urteko kartzela-zigorra jaistea eskatu zuten, Euskadiko "testuinguru politikoa" eta 2011ko urrian taldeak jarduera armatua behin betiko utzi zuela iragarri izana kontuan hartuta.
Jon Enparantza abokatuak ezan zuenez, justiziak Euskadiko gatazkara itzuli ezin duen arren, "auzitegiak bere erabakiak ondorio politikoak izango dituela jakin behar du". Halaber, epaia emateko garaian, haien iritziak "immobilismoa" edo "norabide egokian aurrera egiteko prozesuan laguntzea" esan nahi zuela, nabarmendu zuen.