Politika -
Elkarrizketa
'Komunikatuei hain azkar ezezkoa' ez emateko eskatu du Lluchen alabak
ETAren arazoa "denen artean ixteko" eskatu du Ernest Lluchen alabetako batek.
Erredakzioa
ETAren arazoa "denen artean ixteko" eta "komunikatu guztiei ezezkoa hain azkar ez emateko" eskatu du Eulalia Lluch ETAk hildako Ernest Lluch buruzagi sozialistaren alabetako batek.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, aitaren heriotzak eragindako zauriak "ixten" doazela esan du "denborak asko laguntzen duelako".
Horregatik, "elkarrizketarako gonbidapen baten aurrean" familiak, haren alaba batek hain zuzen, Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagiarekin batera egotea onartu zuela azaldu du. "Zuk zure iritzia emango duzu, nik nirea, eta muxu batekin amaituko dugu. Hori da bake prozesuan aurrera egitea", esan omen zion.
Horren iritziz, bere aitarena bezalako heriotza gehiago ez egoteko desioaren aurrean "logikoena" hori da, era horretan, bere alabak ETA "bere herrialdeko iraganeko gauza bat bezala" entzun dezan.
"Ez diezaiegun komunikatu guztiei hain azkar ezetz esan", eskatu du. "Eseri, esan dizutenaz pentsatu eta begiratu ea erantzun positiboren bat eman dezakezun", adierazi du. "Edalontzia erdi beteta ikusi behar dugu", horren iritzian.
Lluchen ustez, "Pernando Barrenak eman duen pausoa aurrerapausoa da". "Gizon horrek barkamena eskatu du; badago beraz norbait hori egiteko prest. Nik uste hori dela bidea", gaineratu du.