Politika -
Gabonetako ordainsaria
Jaurlaritzak hilaren 20an edo 21ean ordainduko du aparteko soldata
Behin ordainketa aginduta, Konstituzionalak ezin izango du erabakia indargabetu, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak asteazkenean esandako hitzen arabera.
Erredakzioa
Jarduneko Eusko Jaurlaritza "ohiko epeen barruan" lanean ari da 67.000 funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata hilaren 20an edo 21ean ordaintzeko, aurreko urteetan bezala, Jaurlaritzaren arabera.
Gasteizko Exekutibotik azpimarratutakoaren arabera, funtzionarioen aparteko soldata abenduaren 20an edo 21ean ordaintzen dute normalean, baina oraingoan data zehatzen bat ematea saihestu dute.
"Gure asmoa Gabonetako aparteko ordainsaria ordaintzea da, eta horretan gabiltza", adierazi dute, nahiz eta Espainiako Gobernuak errekurtsoa aurkeztu duen Auzitegi Konstituzionalean.
Jaurlaritzak aparteko ordainsaria emateko erabakia txosten juridiko batean oinarrituta dago.
Rajoyren Gobernuaren arabera, aldiz, Euskadiren erabakiak aurrekontuen egonkortasunerako eta lehiakortasuna bultzatzeko onartutako dekretuaren kontra doa.
Errekurtsoa Konstituzionalean
Auzitegi Konstituzionalak ez du oraindik bi Gobernuen arteko gatazka aztertu, ezta errekurtsoa onartzen duen ala ez argitu ere. Onartuz gero, aparteko ordainsariaren ordainketa behin-behinekoz indargabetuko luke erabaki bat hartu arte.
Konstituzionala datorren asteartean biltzea espero da, baina oraindik ez dute aparteko ordainsariaren gatazka egun horretan jorratu beharreko gaietan sartu. Edonola ere, astelehenean edo asteartean bertan erabaki dezakete berau lantzea, eta, gainera, ez dago batere argi orduan erabakiren bat hartuko duen ala hurrengo bileretara itxaron beharko den.
Hala ere, bilera hori hasi aurretik Jaurlaritzak aparteko ordainsaria ordaintzeko agindua sinatuz gero, erabakia ezin izango du Konstituzionalak indargabetu, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak asteazkenean egindako adierazpenen arabera. Juan Luis Ibarrak jakinarazi zuenez, Auzitegi Konstituzionalak ezin izango die Jaurlaritzaren funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata behin behinean kendu, ordaintzeko agindua Konstituzionalak gaia jorratu aurretik ematen badute.
Gobernuaren eskumena
Ibarrari erantzunez, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteorde eta bozeramaileak gogora ekarri du Gobernuak eskumena duela Auzitegi Konstituzionalari beste administrazio baten erabakia bertan behera uzteko eskaria egiteko.