Teknologia -
Pasahitzak lapurtu dituzte
Eraso 'sofistikatu' batekin hackeatu dute Twitter
Litekeena da sare sozial honetako 250.000 erabiltzaileri posta elektronikoko helbideak nahiz pasahitzen bertsio ezkutatuak lapurtu izana.
Erredakzioa
Twitterrek berak Interneten zabaldu duenez, eraso "sofistikatu" bat jaso du aste honetan. Halaber, azken egunotan 'The New York Times' eta 'The Wall Street Journal' AEBetako kazetak ere hackeatu dituzte.
Twitterrek azaldu duenez, baliteke sare sozial honetako "250.000 bat erabiltzaileri", gutxi gorabehera, posta elektronikoko helbideak nahiz pasahitzen bertsio ezkutatuak lapurtu izana. Hala ere, "erabiltzaileen kopuru txikia izan da eraso horren biktima", argitu dute Twitterreko arduradunek.
"Eraso hori ez dute informatika zalek egin, era sofistikatu batean hackeatu digutelako", azaldu sare sozial horren konpainiak, "gainera, ez dugu uste aparteko jazoera denik, beste hainbat konpainiek eta erakundek ere erasoak jaso dituztelako".
Gauzak horrela, pasahitza aldatzeko gomendatu die erabiltzaileei. Gainera, hackeatu zituzten kontuak berrezartzeko ekintza-protokoloa abiatu du Twitterrek. Erasoa jasan duen erabiltzaileak posta elektroniko bat jasoko du, pasahitza berria aukeratzeko gomendioarekin.