Teknologia -
Posta elektronikoa
Hotmaileko kontuak Outlookera igarotzen hasiko da gaur Microsoft
Aldaketak 300 milioi konturi eragingo die, eta multinazionalaren arduradunek prozesua uda amaierarako amaitzea aurreikusi dute.
Erredakzioa
Microsoft multinazionalak migrazio prozesua hasiko du gaur; izan ere, Hotmaileko kontuak Outlook.com posta elektronikoko zerbitzu berrira igaroko dira. Aldaketak 300 milioi konturi eragingo die eta prozesua uda amaierarako amaitzea espero dute, Microsofteko marketin zuzendariak jakinarazi duenez.
Aldaketa egiteko, erabiltzaileek ez dute ezer egin beharko; egun batean interfaze berria dutela konturatuko dira, eta mezuak @hotmail.com helbidera bidaltzen jarraitu ahal izango dute. Nahi dutenek, ordea, beren hotmaileko helbide elektronikoari outlook.com izena emateko aukera izango dute. Aldaketa zerbitzariz zerbitzari egingo dute, ez herrialdez herrialde. Halaber, aldaketa egiten den bitartean, erabiltzaileek bezeroen arretarako zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan.
Ameriketako multinazionalak uztailaren 31n ireki du outlook.com posta elektronikoko zerbitzua, eta dagoeneko 60 milioi erabiltze baino gehiago ditu.
Microsoft bere zerbitzu elektronikoak bateratzen ari da: mezularitza Skypen, datu bilketa SkypeDriven eta posta Outlooken.
Outlook.com zerbitzu berrian ez dago banner bidezko publizitaterik, eta erabiltzaileek ez dute publizitaterik jasoko.
Zerbitzu berriak hainbat abantaila ditu hotmailekin alderatuta, Microsofteko arduradunen esanetan: argitasuna, buletinetan baja emateko erraztasuna, sarean argazkiak eta edukiak ikusteko aukera, eta ukipen pantailekin erabiltzeko erraztasuna.