Teknologia -
Ordainketak 'on line'
Facebookek Internet bidez diru transferentziak egitea ahalbidetuko du
Sare sozialak diru elektronikoa kudeatzeko baimena jasoko du "aste gutxiren buruan".
Erredakzio
Facebook Internet bidez diru transferentziak egiteko plataforma ere izango da aurki, Financial Times egunkariak jakinarazi duenez.
Konpainiatik azaldutakoaren arabera, "aste gutxiren buruan" diru elektronikoa kudeatzeko baimena emango diote Irlandako agintariek, eta, ondorioz, transferentziak online egin ahalko ditu Europar Batasun osoan.
Sare sozialak harremanak izan ditu jada sakelako telefonoen bidez transferentziak egitea ahalbidetzen duten hiru enpresa txikirekin: Moni Technologies, Azimo eta TransferWise.
Interneten transferentziak egin ahal izatea konpainia elektroniko handien helburu nagusietakoa da. Adibidez, Googlek Google Wallet sistema du dagoeneko, sakelako telefonoen bidez transferentziak egiteko, baina AEBn baino ez dago erabilgarri oraingoz.
Facebookek berak Facebook Credits sistema sortu zuen 2009. urtean, baina porrot egin zuen, eta handik eta bi urtera itxi zuten.