Publizitatea
Itxi

2014/11/12

08:56

Teknologia

Espazioa

'Rosetta': 67P kometan lur hartzeko misioaren nondik norakoak

Erredakzioa

Nola iritsi da? Zein da misioaren helburua? Zenbateko kostua izan du proiektuak?

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ordu gutxi batzuk falta dira lehenengo aldiz espazio-ontzi batek kometa batean lur hartzeko. Rosetta zundaren Philae moduluak egingo du maniobra arriskutsu hori, Europako Espazio Agentziaren (ESA) proiektua burutzeko. Baina…

Zer da Rosetta?

Kometa baten orbita jarraitzeko eta bertan lur hartzeko lehenengo misioa da Rosetta. 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa hautatu dute horretarako. Zunda orbita jarraitzeko modulu batek eta lur hartzeko beste modulu batek (Philae) osatzen dute.

Rosetta harriaren harira hartu du misioak izen hori. 1799an Egipton aurkitutako harri hura oso garrantzitsua izan zen hieroglifikoen esanahia argitzeko, eta misio honek Eguzki Sistemaren eboluzioaren inguruko misterioak argitzen lagunduko duela espero dute zientzialariek.

Nola iritsi da Rosetta bertara?

Zundak bidaia korapilatsua egin du 2004ko martxoaren 2an Lurretik atera zenetik. Ordutik bost itzuli eman dizkio Eguzkiari, hiru grabitate-maniobra egin ditu Lurrarekin eta beste bat Marterekin abiadura hartzeko. Helburua, jomugan duen kometaren antzeko orbita lortzea. Urteotan, zundak bi asteroideren irudiak ere hartu ditu: Steins (2008ko irailaren 5ean) eta Lutetia (2010eko uztailaren 10ean) asteroideena.

2011ko uztailean, Rosetta hibernazio fasean sartu zen, zatirik bakartiena eta hotzena egiteko, Eguzkitik 800 milioi kilometrora. Bere barne iratzargailuak 2014ko urtarrilaren 20an esnatu zuen, eta abuztuan egin zuen topo kometarekin, Lurretik 405 milioi kilometrora.

Zer da Philae?

Hori izango da Rosetta espazio-ontzititik bereiziko den modulua, 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan (1969an aurkitu zuten) lur hartzeko. Arpoi batzuen bidez helduko dio kometari, eta bertan egongo da hiru hilabetez. Philae moduluak (Egiptoko tenplu baten izena jarri diote) 1,3 x 1,5 metro neurtzen du, eta 100 kiloko pisua du. Zulatzeko makina bat darama, laginak atera eta laborategi kimikoan aztertzeko.

Non lur hartuko du?

Hasieran kometako hainbat puntu atzeman zituzten lur hartzeko modukoak. Azkenean "J" puntua (Agilkia izena eman diote) hautatu zuten lehiaketa batean, argiztapen ona eta lurzoru laua dituelako.

Nolakoa izango da ibilbidea?

67P/Churyumov-Gerasimenko kometatik 22,5 kilometrora dagoenean bereiziko da Philae Rosetta-tik, eta zazpi ordu geroago pausatuko da kometaren azalean. Azken unean hasiko da irudiak Lurrera bidaltzen.

Noiz jarriko da Philae Lurrarekin harremanetan?

Zientzialariek 17:00etarako espero dute hori. 16:30 alderako espero dute lur hartzea, eta seinaleak 28 minutu eta 20 segundo beharko ditu Lurrera iristeko.

Zertarako joan kometa batera?

Kometei buruzko datuak izatea oso garrantzitsua da, ezagutzen diren objektu zaharrenak direlako.

Rosetta misioari esker, Lurrean bizitza sortzeko prozesuan kometek zerikusirik izan ote zuten aztertuko dute. Molekula organikoak garraiatzen dituzte kometek. Lurra jotzean, bertan utzi zituzten, eta baliteke horrek bizitza sortzen lagundu izana. Gainera, kometek daramatzaten elementu arinek eta lurrunkorrek ozeanoak eta atmosfera sortzen ere lagundu zutela uste dute.

Lur hartzearekin amaituko da Rosseta-ren misioa?

Ez. Gaur egun handia izango da misioarentzat, baina ez bakarra. Misioak 2015eko amaierara edo 2016ko hasierara arte irautea aurreikusi dute, kometak Eguzkirantz egingo duen bidean. Datorren urteko abuztuan egongo omen da zunda Eguzkitik gertuen.

Zenbateko kostua du misioak?

1.300 milioi euro ingurukoa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;