Teknologia -
Microsoft
Internet Explorer 8, 9 eta 10, euskarririk gabe
Erabiltzaileen pribatutasuna eta ordenagailuen segurtasuna arriskuan jartzea ekarriko du horrek asteartetik aurrera. 11 bertsioa instalatzeko gomendioa eman du Microsftek.
Agentziak | Erredakzioa
Asteartetik aurrera Internet Explorer 8, 9 eta 10 bertsioak eguneratzeari utziko diola iragarri du Microsoft konpainiak. Erabiltzaileen pribatutasuna eta ordenagailuen segurtasuna arriskuan jartzea ekarriko du horrek.
Horregatik, bertsio horiek erabiltzen dituztenei nabigatzailearen hurrengo bertsioa (11) instalatzeko gomendioa eman die konpainiak agiri baten bidez, datuak seguruago izan ditzaten.
Asteartetik aurrera Microsoftek ez du Windows 7, Windows 8.1 eta Windows 10 bertsioetan segurtasuna bermatzeko eguneratzerik egingo, ez du bateragarritasuna bermatzeko zuzenketarik egingo, eta ez du bertsio horietarako laguntza teknikorik emango.
Multinazionalak ohartarazi duenez, Internet Explorer 8, 9 eta 10 erabiltzen jarraitzen dutenen pribatutasuna eta horien ordenagailuen segurtasuna arriskuan geratuko dira kanpotik jasan ditzaketen mehatxuen aurrean.
Eguneratze automatikoa
Etxeko erabiltzaileek nabigatzailea automatikoki eguneratzeko eta Internet Explorer 11 bertsioa instalatzeko aukera dute. Aukera hori ez dutenek, berriz, Kontrol Paneletik eguneratu beharko dute, Microsoftek emandako azalpenen arabera.
Bestalde, euskarririk gabe geratuko diren bertsioekin lan egiten duten enpresei tresna-sorta eskaini die konpainiak.