Teknologia -

berrikuntza

2017ak ekarriko dituen iraultza teknologikoak

Osasuna kontrolatzen duten arropak eta ibilgailu autonomoak errealitate izango dira aurten, adituen ustez.

Teknologia eta adimen artifiziala
Teknologia eta adimen artifiziala
Teknologia eta adimen artifiziala

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teknologiak gero eta azkarrago egiten du aurrera, eta aurten ere gure bizimodua goitik behera aldatuko duten hainbat berrikuntza etorriko direla uste dute adituek, hala nola gure osasuna kontrolatzen duten arropak edo ibilgailu autonomoak.

Ricard Jimenez fisikariaren ustez, aurten hedatuko diren teknologia berrien artean, hauek dira aipagarrienak: gauzen Internet, 5G teknologia, material berriak (grafenoa, kasu), hiru dimentsioko inprimatzeak eta adimen artifiziala.

Nolanahi ere, EFE agentziak egindako elkarrizketa batean, Jimenezek ohartarazi du zibersegurtasuna areagotu egin beharko dela, erabiltzaileen datuak gero eta leku gehiagotan egongo baitira sarean.

Maria Eugenia Fuenmayor Eurecat Kataluniako teknologia zentroko zuzendariaren esanetan, 5G teknologiak biderkatu egingo du Interneten edukiak jaisteko abiadura.

"Bereizmen handiko bideo bat 10 segundoan jaitsi ahalko da, oraingo 10 minutuen ordez", azaldu du.

Arropa adimendunek ere iraultza ekarriko dute. Izan ere, adibidez, medikua ohartarazi ahalko dute, bihotzaren egoera, izerdia eta beste hainbat parametro kontrolpean izango baitituzte.

5G teknologiak kirol emankizunetan ere izango du eragina, errealitate birtualean emango ahalko baitira. Horrela, ikusleek zelaian bertan egongo balira bezala ikusi ahalko dute partida.

Bestalde, material berriek (grafenoa, esaterako) bide luzea egingo dute hurrengo 12 hilabeteetan. "Hegazkin gardenak ez dira aurten helduko, baina grafenoak pieza arinak eta gogorrak ekoiztea ahalbidetuko du", esan du Jimenezek.

Bestalde, ibilgailuak gero eta autonomoagoak izango dira. "2009an esan zuten ibilgailu elektrikoak ametsa zirela; 2014an, ibilgailu konektatuak moda bat zirela eta legeak ez zuela baimenduko autonomoak izatea", gogorarazi du. "Orain, baina, ikusi ahal dugu bakarrik doazen autoak gizakiek gidatutakoak baino seguruagoak direla", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Zientzia albisteak Inteligentzia artifiziala berrikuntzak