Teknologia -
ARDI egitasmoa
Latxa ardia genetikoki hobetu nahi dute euskal ikertzaileek
Latxa, Manex eta Euskal-Biarnotar ardi arrazak mehatxatuta daude produkzio sistema intentsiboagoetan beste arraza batzuk erabiltzen direlako, baina ARDI planarekin horien genetika hobetu nahi dute.
agentziak | erredakzioa
Euskal Herriko ardi arrazen lehiakortasuna areagotzeko proiektua abiatu du NEIKER-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutuak, ARDI, horien biziraupena bermatze aldera. Izan ere, Pirinioetako esnetarako ardiak (Latxa, Manex eta Euskal-Biarnotar arrazakoak) mehatxupean daude produkzio sistema intentsiboagoetan erabiltzen diren beste arraza batzuk daudelako.
ARDI egitasmoarekin, hiru arraza horien genetika hobetu nahi dute, horien lehiakortasuna areagotzeko eta horien erabilera eta ustiapena indartzeko.
Proiektuaren beste helburuetako bat elkarlana sustatzea da. Batetik, 40 urtetik gora erabili diren hautaketa programa guztien artean ekintza bateratua bultzatu nahi dute, eta, bestetik, arraza puruak hazten dituztenak elkarte batean bildu nahi dituzte.
Ikerketa, garapena eta berrikuntza izango dira helburuak lortzeko tresnak, eta, besteak beste, balorazio genetiko komuna egin, horren inguruan oraindik aztertu ez diren gaiak aztertu eta Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Europako Elkartea (AECT) sortuko dute horretarako.
Bestalde, proiektuaren bultzatzaileek ardi populazio txikitan (Pirinioetako esnetarako arraza horietan, esate baterako) hautaketa genomikoa ezartzeko dauden arazoak aztertuko dituzte. Gainera, ikerketa soziologiko eta parte hartzaileak egiteko teknikak erabiliko dituzte, artzainen iritziak eta helburuak kontuan izateko.
ARDI egitasmoa NEIKER-Tecnaliak zuzenduko du, eta Frantziako INRA (Nekazaritza Ikerketako Institutu Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Institutua) eta CDEO (Artzaintzaren Departamenduko Zentroa) erakundeen laguntza izango du, eta baita ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Ardi Hazleen Elkartea) eta Ardiekin (Latxa eta Karrantzako ardia arrazetako ardiak hautatu eta intseminazio artifiziala egiteko zentroa) elkarteena ere.