Teknologia -
Nick Clegg, Erresuma Batuko lehen ministro ordea izatetik Facebookera
Nick Cleggek bere eserlekua galdu zuen Erresuma Batuko azken hauteskundeetan, eta orain Silicon Valleyra heldu da, Facebookeko komunikazio globalaren arduradun bezala.
Agentziak | Erredakzioa
Nick Clegg, Erresuma Batuko lehen ministro ordea David Cameronen lehenengo agintaldian, Facebookeko komunikazio globalaren arduradun berria da.
51 urteko politikariak azken hauteskundeetan galdu zuen Erresuma Batuko Parlamentuan zuen eserlekua, Liberal Demokratekin, eta Silcon Valleyra heltzen den maila altueneko politikaria da.
"Oso pozik nago Facebookekin batzearekin. Europako eta Erresuma Batuko politikan ia hogei urte eman ostean, hau oso abentura zirraragarria da niretzat", esan du Cleggek bere Facebookeko orrialde ofizialean. Esan duenez, luze hitz egin du Mark Zuckerberg eta Sheryl Sandbergekin enpresaren egoeraren inguruan. Cambridge Analyticari datuak filtratzeak, albiste faltsuak zabaltzeak eta hauteskundeetan nahasteak arazoak sortu dizkio Facebooki.
"Mark eta Sherylekin luze hitz egin ostean, txundituta geratu nintzen enpresa erantzukizun berriak dakartzan bidaia batean dagoela onartu zutelako, ez bakarrik Facebookeko aplikazioetako erabiltzaileentzat, baita gizarte osoarentzat ere. Horretan bidaiatzen laguntzea espero dut", esan du.
Zentzu horretan, zenbat gai aipatu ditu politikoak, Facebook, WhatsApp, Messenger, Oculus eta Instagramen ingurukoak: gizabanakoaren pribatutasuna, hauteskundeen zintzotasuna, tokiko kulturen eta Interneten arteko tentsioak, adierazpen askatasunaren eta debekatutako edukien arteko oreka, inteligentzia artifizialaren inguruko kezkak eta adingabekoen ongizatea.
"Uste dut Facebookek galdera horientzako erantzunak bilatzen jarraitu behar duela, ez soilik Silicon Valleytik, baita mundu osoko pertsonekin, erakundeekin, gobernuekin eta eragileekin lankidetzan, teknologia ongiaren indar bat izan dadin", esan du.