Teknologia -
Adimen artifiziala
Makinak gai dira jada bideo-jokoetan gizakiari irabazteko
Google DeepMind konpainiako ikertzaileek sortutako adimen artifizialeko agenteek orain arte ezinezkoa zena lortu dute: beren kabuz jokatzen ikastea eta beste agente batzuk nahiz pertsonak menperatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Ezinezkoa ematen zuen, baina gertatu da. Makinak gai dira jada beren kabuz ikasi, pentsatu eta bideo-jokoetan pertsonei irabazteko.
Google DeepMind konpainiako ikertzaileek sortutako adimen artifizialeko agenteak jokalari askoko bideo-joko batean lehiatzeko eta irabazteko gai izan dira, Science aldizkariak gaur zabaldu duenez.
Adimen artifizialeko eragile horiek gizakiaren laguntzarik gabe estrategiak pentsatzeko eta erabiltzeko ahalmena erakutsi dute.
Konpainiak erabilitako metodoa jokalari batentzako edo birentzako bideo-jokoetan probatu zuten, baina jokalari askoko bideo-jokoetarako ere baliagarria dela erakutsi dute orain, taldean jokatzea ezinbestekoa den eta lehiakide ugari dutenetan, hain zuzen ere. "Quake III Arena Capture the Flag" bideo-jokoarekin lortu dute.
Ikerketa honek agerian utzi du Google DeepMind konpainiak sortutako adimen artifiziala gai izan dela beste adimen artifizial batzuk nahiz pertsonak menperatzeko, aurrez bideo-jokoaren edo lehiakideen informazioa jaso gabe eta jokoan gizakiaren laguntzarik izan gabe.
Milaka partida jokatu zituzten, zoriz aukeratu agertoki ezberdinetan, eta jokatu ahala ikasten eta esperientzia hartzen joan dira, lortutako puntuazioa eta pantailan gertatutakoa aztertuta, gainerako lehiakideei irabazteko gai izan arte.