Teknologia -
Betoa Huawei konpainiari
Huawei telefono berriak, aurrez instalatutako Facebooken aplikaziorik gabe
Huaweik aurrerantzean merkaturatuko dituen mugikorrek ez dute Facebooken aplikaziorik izango. Aitzitik, neurri honek ez du eraginik izango telefono zaharretan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Facebookek galarazi egin dio Huawei konpainiari bere aplikazioak erabiltzea, Reuters agentziak zabaldu duenez. Neurriak gaurtik aurrera merkaturatzen diren sakelako telefonoetan izango du eragina, baina ez orain arte saldu direnengan.
Txinarekin duen merkataritzaren baitan, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak betoa ezarri zion duela zenbait aste Huaweiri eta enpresa estatubatuarrek debekatuta daukate konpainia horrekin negozioak egitea. Horren ondotik iritsi da Facebooken erabakia.
Facebookek berak ohar bidez zehaztu duenez, aurrerantzean Huaweiren fabrikatik ateratzen diren sakelako telefonoetan ez dira bere aplikazioak instalatuko, hala nola, Messenger, Instagram eta WhatsApp.
"Estatu Batuetako Merkataritza Departamentuaren agindua eta oraintsu eman duen aldi baterako baimena aztertzen ari gara, eta dena betetzen dela bermatzeko neurriak hartuko ditugu", baieztatu du.
Android sistema-eragilea erabiltzen duten telefonoek ez dituzte berez Facebooken aplikazioak instalatuta, baina Huawei bezalako enpresa handi askok aurrez jartzen dituzte, bezeroak gerora jaitsi behar ez ditzan.
Hori bai, Facebookek argitu du neurri honek ez duela eraginik izango gaur arte merkaturatu diren sakelako telefonoetan eta, beraz, bezeroek normaltasun osoz erabili eta eguneratu ahalko dituzte beraien aplikazioak.