Teknologia -
Gasteiz
F2P bideojokoen kanpusa antolatuko da Gasteizen
Bost herrialdetako taldeek eta sektoreko 20 nazioarteko adituk hartuko dute parte. Espainian 1.530 milioi euro fakturatzen dira urtero.
EITB.EUS
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak F2P Campus Vitoria-Gasteiz aurkeztu dute, free-to-play bideojokoen munduko campus-azeleratzaile bakarra.
Lehen edizioaren arrakasta ikusirik, datozen bi hilabeteetan Artium museoak hartuko du topaketa. Sektoreko nazioarteko adituetako batzuk ekarriko ditu ekimenak Euskadiko hiriburura, Espainian dagoeneko urtean 1.530 eurotik gora fakturatzen dituena eta 6.000 pertsonari baino gehiagori lana ematen diena.
11 herrialdetako 19 hautagaietatik hautatutako 5 taldek, Kanadako, Finlandiako, Errusiako, Serbiako eta Espainiako talde banak, beren bideojoko-proiektuak garatuko dituzte, aditu horien eskutik. Jon Beltrán de Heredia eta Raúl Herrero zuzendarikideen ustez, "horrelako ekitaldi bati esker, Gasteiz eta Euskadi erreferentziak dira jada bideojokoen industrian oro har eta free-to-play sektorean (jokatzeko ordaindu beharra eskatzen ez duten bideojokoak) bereziki".
Euskadin gaur egun Espainiako industriaren % 5etik gora fakturatzen da jada, beste erkidego batzuen atzetik (Katalunia eta Madril daude buruan).
Bere aldetik, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak bideojokoen arloan diharduten gazteen talentua sustatu beharra dagoela azpimarratu du.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sormenari lotutako arloak bultzatzeak duen garrantzia nabarmendu du.
Red Meat Games (Kanada), Tuokio (Finlandia), Unnyhog (Errusia), PWNRS (Serbia) eta Evil Zeppelin (Bartzelona) dira gaur beren bideojoko-proiektuak aurkeztu eta F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusean garatu behar dituzten 5 taldeen izenak. Guztira 11 herrialdetako 19 taldek hartu dute parte hautaketa-prozesu zailean, eta horiexek dira irabazle atera direnak.
F2P Campus Academy
F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusaren bigarren edizioaren berritasun nagusia F2P Campus Academy izango da. Ideia gazteen artean bideojokoen industriarekin bat egin nahi duten bokazio berriak sortzeko asmoarekin sortu da. Jende guztiarentzat irekitako tailer horretara bertaratzen direnek beren lehen bideojokoa garatu ahalko dute.