Teknologia -

Bideo-jokoak

Ostegun honetan iritsiko da Bilbora Fun & Serious jaialdia, online formatuan

Bideo-jokoen sektorean erreferente diren David Cageren, Tim Willitsen eta Marc Merrillen hitzaldiak ez ezik, indie jokoei eskainitako tartea hartuko du aurtengo edizio honek.

Fun & Serious 2019. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Fun & Serious 2019
Fun & Serious 2019. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 10etik 12ra Fun & Serious Game Festival jaialdiaren edizio berri bat hartuko du Bilbok. Oraingo honetan, baina, online formatua izango du bideo-jokoei eskainitako jaialdi ezagun horrek. Hiru egunez, profesionalei zein zaleei zuzendutako tailer ezberdinak antolatuko dituzte.

Ohar batean, antolatzaileek azaldu dute "Fun & Seriousek urteroko hitzorduari eusteko apustua" egin duela.

Dena den, pandemia egoerak hala eskatuta, online formatua izango du aurtengo edizioak, eta bideo-jokoen sektorean erreferente diren David Cageren, Tim Willitsen eta Marc Merrillen hitzaldiak ez ezik, indie jokoei eskainitako tartea izango du ardatz. 

Modu horretan, hainbat proiektutako ordezkariek "profesionalentzako eta sektore horren jarraitzaile direnentzako aholkuak" emango dituzte. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, eta jaialdiaren webgunean egongo dira ikusgai. Tailerretarako, aldiz, FS Pro sarrera beharko dute zaleek.

Hitzaldietako parte-hartzaileen artean Diego Freire (Chibig Studio) eta Ivan Exposito (Melbot Studios oJaleo Media) egongo dira, baita Valeria Castro (Platonic Games), Astrid Refstrup, Alexandra Samper-Martinez eta Iker Uncilla (Talents) ere.

Egitarau zabala prestatu dute aurten, profesionalei, diseinu ikasleei zein bideo-joko ekoizleei zuzendua.

Gainera, FS Play indie sariak banatuko dituzte; 4.000 eurorainoko hiru sari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilbo Eguneko albisteak Albisteak Bideo-jokoak Gazteak