Teknologia -
sare sozialak
Elon Muskek bozketa egin du erabakitzeko Twitterreko zuzendari exekutibo izateari uko egin edo ez; % 57,5 alde
Sare sozialaren jabe eta Tesla Inc-eko zuzendari exekutiboak inkesta bat proposatzen duen txio bat argitaratu du, konpainiaren politika aldaketek eragindako kritiken ondoren.
agentziak | eitb media
Elon Musk enpresaburuak bozketa egin du Twitter sare sozialaren zuzendari exekutibo izateari uko egin edo ez erabakitzeko, konpainiaren politika aldaketek eragindako kritiken ondoren.
Muskek, Twitterren jabe eta Tesla Inc-eko zuzendari exekutiboak, ziurtatu du ontzat hartuko duela inkestaren emaitza. Unera arteko datuen arabera, parte hartu duten erabiltzaileen % 57,5ak kargua uzteko nahia azaldu du.
"Twitterren presidente kargua utzi behar al nuke? Ontzat hartuko dut inkestaren emaitza", argitaratu du Muskek txio batean, "bai" eta "ez" aukerekin batera.
Argitalpen horren aurretik idatzi duenez, "etorkizunean, politika aldaketa garrantzitsuak erabakitzeko bozketa izango da". Hala ere, ondorio posibleen arriskuaz ohartarazi du.
"Esaerak dioen bezala, kontuz ibili nahi duzunarekin, lortu baitezakezu", adierazi du. Gaineratu duenez, "boterea nahi dutenak dira gutxien merezi dutenak".
Hala, nabarmendu du ez dela ondorengorik, bozketan "bai" aukerak irabaziz gero. "Kontua ez da CEO bat aurkitzea, Twitter bizirik mantendu dezakeen CEO bat aurkitzea baizik", erantsi du, enpresaren egoera ekonomikoa deitoratzearekin batera.
"Bizitza osoko aurrezkiak inbertitu beharko zenituzke Twitterren, eta porrotera bidean egon da maiatzetik. Lana nahi al duzu oraindik?", amaitu du.