Teknologia -
Deskargak Interneten
Kim Dotcomen proiektu berria, Megabox, aurten iritsiko da
Megauploadeko sortzaileak azaldu duenez, Megaboxen artistek zuzen-zuzenean salduko dizkiete euren obrak erabiltzaileei.
Erredakzioa
Kim Dotcom Megauploadeko sortzaileak iragarri du aurten jarriko duela martxan bere proiektu berria, hau da, musika deskargatzeko Megabox portala.
Dotcom atxilotu egin zuten urtarrilean, Zeelanda Berrian, pirateria informatikoa egotzita. Une honetan baldintzapean aske dago, AEBek eskatutako estradizio prozesua noiz hasiko zain.
Megauploadeko sortzaileak Twitterren azaldu duenez, Megaboxen artistek zuzen-zuzenean salduko dizkiete euren obrak erabiltzaileei.
Proiektua AEBek Megaupload itxi baino lehen pentsatu zuten, eta, Dotcomen esanetan, "handiagoa, hobea eta bizkorragoa" izango da.
Hurrengo urtean, baliteke portalak akordioak lortzea negozio eredu berria probatu nahi duten artisten obrak esklusiban saltzeko.
AEBetako agintariek 500 milioi dolarreko (408 milioi euro) galerak eragin izana egotzi diote Dotcomi, egile eskubidek urratuta.