23:33

eguraldia

Denboralea

Elurra, euria eta olatuak, datozen egunetako protagonista nagusiak

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du astearterako, itsasaldean, zazpi metrorainoko olatuak izateko arriskuagatik.

  • Itsasgoraldiaren ondorioz, 5 metrorainoko olatuak espero dira euskal kostaldean. Argazkia: EFE

    Itsasgoraldiaren ondorioz, 5 metrorainoko olatuak espero dira euskal kostaldean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisuak indarrean jarriko ditu astearte honetan, 500 metroko elur-kota espero delako, 24 orduren buruan metro karratuko 60 litro bota ditzakeelako eta zazpi metrorainoko olatuek kostaldea astinduko dutelako.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du astearterako, itsasaldean, zazpi metrorainoko olatuak izateko arriskuagatik.

Alerta egun osoan izango da indarrean; goizean, olatuak 5-6 metrokoak izatea aurreikusi dute, eta zazpi metrokoak, eguneko bigarren partean.

Kostari dagokionez, alerta 19:00etatik 23:00etara egongo da aktibatuta, izan ere, zazpi metrorainoko olatuak izatea aurreikusi du Segurtasun Sailak.

Asteartean, era berean, abisu horia ere egongo da indarrean elurragatik, barnealdean soilik, goizaldean elurraren maila 500-600 metroan kokatzea aurreikusi baitute.

Asteazkenari dagokionez, Bizkaian eta Gipuzkoan prezipitazio iraunkorrak izan daitezkeela eta, alerta laranja ezarri du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Bizkaiko hainbat tokitan 60 litro pilatu daitezke metro koadroko, eta 80 litro, Gipuzkoan (batez ere ekialdean).

Goizaldean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake isurialde atlantikoan.

Nafarroa, beste denborale baten atarian

Bestalde, Nafarroa beste denborale bati aurre egiteko prestatzen ari da. Elurra izango da protagonista Pirinioetan, eta euria, gainerako eskualdeetan. “Ohiko” uholdeak espero dituzte ibarretan.

“Egoera ez da oso kezkagarria, baina adi egon behar dugu, okerrera egiten baldin badu beranduegi ez erantzuteko”, adierazi du Javier Morras Barne kontseilariak. Nafarroako larrialdiak koordinatzeko organoak bilera egin du arratsaldean, Iruñean.

Datozen egunetan prezipitazio “ugari” espero dira, eta ekialdeko Pirinioetan elurtea izango dela aurreikusi dute Aemeten iragarpenek. 25-30 zentimetroko elur-geruza sortzea espero da.

Nafarroa iparraldean, datozen egunetan, metro karratuko 150 edo 200 litro botatzea espero da, kontseilariaren esanetan, eta Iruñean, Erriberan eta erdialdean ere mardul botako du.

Iruzkinak