06:58

eguraldia

Alerta laranja

Gaur eguerdian baretuko dira elurteak

Erredakzioa

Elur-kota 0-100 metroetara kokatuko da. Hala ere, prezipitazioak ahulduz joango dira. Lehen mailako euskal errepide guztiak zabalik daude jada. Kontsulta ezazu trafikoaren egoera.

88
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Elur denboralea ez da ahulduko ostiral eguerdira arte, nahiz eta osteguneko azken orduan prezipitazioak indarra galtzen hasiko diren. Kantaurialdean, lurraldeko mendebaldean batez ere, Araban eta Bizkaian, bustiko du gehien ostegunetik ostiralerako gauean. Azken egun horretako arratsaldetik aurrera, prezipitazioak bakanagoak izango dira; ez ditugu erabat alde batera utziko, baina euren maiztasuna eta handitasuna txikiagoa izango da.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, arratsaldeko lehen orduetatik lehen mailako euskal errepide guztiak zabalik daude.

Elurteak ez dira ahulagoak izango arratsaldera arte, Elena Morenok, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdietarako Bulegoko zuzendariak, Radio Euskadin aipatu duenez, larrialdietarako baliabide guztiak martxan daude denboraleari aurre egiteko, eta denboraleak mendateetan ez ezik kostaldean ere izan du eragina. Halaber, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu du. Alerta laranjan jarraituko du EAEk ostiral goizeko 9etara. Nafarroa ere alerta laranjan dago, elurra edonora heltzeko aukera dago eta.

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Radio Euskadin azaldu duenez, denboraleak arazo asko sortu ditu Bizkaiko hiriburuan. Artxandatik Galdakaorako errepidea itxita dago arratsaldeko lehen orduan, eta Santo Domingo mendatetik arreta handiz gidatzea da beharrezkoa. Enekuri mendatean kateak behar dira, eta elur dezente dago pilatuta Bilboko goi-puntu askotan. Iñaki Azkunak eskatu die herritarrei Pagasarri mendira elurra ikustera ez joateko, eta edadetuei gomendatu die arratsaldera arte etxean egoteko, elurteak ahuldu arte.

Elurra euskal kostaldeko puntu batzuetara heldu da, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eguraldi iragarpena betez. Horren arabera, elurra 100 metrotik gora egingo du gaur, baina itsas mailan ere botatzeko aukera azpimarratzen zuen. Hiriburuei dagokienez, Gasteiz eta Iruña elurrez estalita agertu dira goizean, eta Donostiara eta Bilbora ere heldu dira malutak azken orduetan. EAEko eta Nafarroako barnealdeko zenbait gunetan zuritu du, eta errepideetan gertakizun asko izan ditugu; hemen trafikoaren inguruko informazioa kontsultatu ahal duzu.

eitb.com-ekTwitterren bidez jakin duenez, elurra egin du Berangon, Bakion, Ubiden, Zaldibarren eta Usansolon (Bizkaia), eta Billabonan, Zarautzeko eta Orioko inguruetan, Ordizian eta Anoetan (Gipuzkoan). Gasteizen, gogotik bota du goizean goiz. Halaber, protagonista izan da beste hainbat udalerritan: Oiartzunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) eta Laudion eta Okondon (Araban), besteak beste.

Iragarpena

Ostiralean izotza egingo du. Tenperatura zertxobait gehiago jaitsiko da, baina, oro har, ez dugu aldaketa handirik sumatuko. Elur-kota oso behean egongo da, baina ostegunean baino askoz gutxiago botako du eta gainera arratsaldean atertu egingo du. Larunbatean giro hotzarekin jarraituko dugu, baina, oro har, ez dugu prezipitaziorik izango. Soilik mendebaldean busti lezake, tarteka.

Eguraldiblogeko erabiltzaileek elurteen lekuko izan dira eta euren argazkiak igo dituzte.

 

Iruzkinak