EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Ekitaldia Ajuria Enean

Urkulluk 'norabide berdinean bultza egiteko' deia egin die sailburuei

Sailburuek karguaren zina egin dute, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideen begiradapean, eskua Gernikako Estatutuaren gainean jarrita.

Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzako zortzi sailburu berriak, kargua hartu aurretik. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzako zortzi sailburu berriak, kargua hartu aurretik.
Sailburu berriek kargua hartu dute, Ajuria Enean

04:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "norabide berdinean bultza egiteko" deia egin die sailburu berria, egungo egoera ekonomikoa txarra bada ere "Euskadi hobea" lor daitekeela iritzita.

Lehendakariak sailburuen kargu-hartze ekitaldiaren ostean egin ditu adierazpenok, Ajuria Enean.

Urkulluk prentsaurreko batean azaldu duenez, egungo egoerari aurre egiteko modu bakarra "indarrak batzea eta norabide berdinean bultza egitea da. Izan ere, egoera txarra bada ere, Euskadi hobea lor dezakegu".

Era berean, Patxi Lopez lehendakariaren jarrera pertsonala eta botere eskualdaketan aurreko sailburuek izan duten portaera txalotu ditu, "normaltasun osoz" egin dutelako.

Ertzaintza "zibila eta herriarena "

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak "jatorrira" eraman nahi du Ertzaintza, "polizia zibila" izan dadin: "Herriarena eta herriaren zerbitzura". Era berean, Ertzaintza "integrala" izatea aldarrikatuko du, eta horretarako "Europako segurtasun eremuan" sartzea eta "gizartearen inplikazioa" eskatu ditu.

Euskadi "merezi duen maila ekonomikoan"

Arantza Tapia Garapen Ekonomikoaren eta Lehiakortasunaren sailburuak azaldu duenez, Iñigo Urkullu buru izango duen Eusko Jaurlaritza berriaren helburua Euskadi "merezi duen maila ekonomikoan" kokatzea izango da, euskal herritarren laguntzarekin.

Gizarte ongizatearen euskal eredua

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburu berriak, Ricardo Gatzagaetxeberriak, EAEko 2013ko Aurrekontuen Proiektuan buru-belarri jarriko dela hitzeman du, eta horiekin gizarte ongizatearen euskal eredua ez duela aldatuko, eta osasunean, hezkuntzan eta zerbitzu sozialean izango dutela oinarri.

"Adostasuna" osasun zerbitzuetan

Jon Darpon da Osasun sailburu berria eta bere helburua osasun zerbitzuak "adostasunez" garatzea izango dela azaldu du. Hori horrela, "eztabaida politiko gehiegirik ez" duela nahi azpimarratu du, eta Osakidetzaz "harro" egotea eta "osasun zerbitzuak etxe guztietara iristea".

"Zerbitzu publikoek balio publikoa izatea"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia eta Administrazio Publikoaren sailburu izango da. Europa iparraldeko ereduari jarraiki, "zerbitzu publikoek balio publikoa izatea" nahi du.

"Finantzen egonkortasunerako ituna"

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak iragarri duenez, Gizarte Zerbitzuen Sistemaren "finantzen egonkortasunerako ituna" lortzeko lan egingo du. Helburua sistema hori "egonkortzea eta etorkizunean ere erabilgarri izatea" izango da.

"Ekimenak aurrera ateratzeko" konpromisoa

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak "independentea" dela gogoratu du, eta prestatzen dituzten ekimenak "ahalik eta ondoen aurrera ateratzeko" konpromisoa hartu du.

Lurralde osoari "balioa eman"

Ana Isabel Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak "lurralde osoari balioa ematearen alde" egin du, "borroka antzurik eta auzoen arteko eztabaidarik gabe". Hori dela eta, "administrazioen elkarlana" babestu du; izan ere, "elkarlan hori gabe ezin dugu ezer egin". Bere lanaren ardatza "lurralde estrategia" izango dela esan du Oregik.

Kargu-hartze ekitaldia

Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritza berriko zortzi sailburuek kargua leialtasunez beteko dutela hitzeman dute, esku bat Gernikako Estatutuaren gainean jarrita, Ajuria Enean egindako ekitaldi batean.

Sailburu berrien kargu-hartze ekitaldia goizeko hamaiketan hasi da, Gasteizen, lehendakariaren egoitza ofizialean, eta euskaraz egin dute, oso-osorik. Bertan izan dira lehendakaria eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak.

Patxi Lopezen aurreko Jaurlaritzak erabili zuen formularen aldean, sailburu berriek ez dute Konstituzioaren aipamenik egin.

Gaur, ondorengo esaldiarekin egin dute karguaren zina zortzi sailburuek: "Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabileko dudala, hitz ematen du".

Zortzi sailburuk osatuko dute Eusko Jaurlaritza berria: Josu Erkoreka Jaurlaritza berriko bozeramailea eta Justizia eta Administrazio sailburua; Arantza Tapia Ekonomia sailburua; Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua; Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua; Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua; Jon Darpon Osasun sailburua; eta Ana Isabel Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua.

Ekitaldia Ajuria Eneko atondo nagusian egin dute, ikurrina bat eta Lehendakaritzan gordetzen den Gernikako Estatutuaren ale bat mahai gainean jarrita.

Lehendakariaren atzean Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak jarri dira: Bakartxo Tejeria (EAJ) presidentea, Antonio Damborenea (PP); Juanjo Agirrezabala (EH Bildu), Iñigo Iturrate (EAJ) eta Blanca Roncal (PSE-EE).

Kargu-hartzea amaitu denean, Urkulluren Jaurlaritzak argazki ofiziala egin du Ajuria Eneko atariko eskaileretan.

Jaurlaritzaren lehenengo bilera, bihar

Urkulluren Jaurlaritza berriaren lehenengo bilera bihar izango da eta datozen hilabeteetarako helburu nagusia Legebiltzarrean babesak lortu eta aurrekontuak onartzea izango da, izan ere, EAJk Eusko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideetako 27 soilik ditu eta babesak bilatu beharko ditu gehiengora iristeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea