EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

I25-eko hauteskundeak

Abian da I25erako lasterketa

Hauteskunde dekretua EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetarako epeak aurrera egiten hasi dira.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoen dekretua gaur argitaratu da EAEko Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, ofizialki Eusko Legebiltzarra deseginda eta hauteskundeak deituta geratu dira.

Joan den ostiralean, uztailaren 29an, Gobernu Batzordeak dekretua onartu ondoren publikatu da gaur Aldizkari Ofizialean.

Horrela, 2012ko urriaren 21ean aukeratutako Eusko Legebiltzarra bertan behera utzi du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta 2016ko irailaren 25ean aukeratuko da ganbera berria: hauteskunde barruti bakoitzeko 25 legebiltzarkide aukeratuko dira. Denera, herritarrek aukeratutako 75 ordezkari izango ditu Eusko Legebiltzar berriak.

Dekretuan jasota geratu denez, hamabost egun iraungo ditu hauteskunde kanpainak, eta irailaren 9an, 00:00etan, abiatuko da. Amaitu, berriz, irailaren 23an, gauerdian. Alderdiek abuztuaren 17aren eta 22aren artean aurkeztu beharko dituzte euren hautagaitzak dagokien Lurralde Hauteskunde Batzordean.

Alderdi nagusien hautagaiak, ondorengoak dira: Iñigo Urkullu (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Pili Zabala (Podemos), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Alfonso Alonso (PP).

Otegiren hautagaitza Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen esku egongo da, eta erakunde horrek abuztuaren 29an baieztatuko ditu hautagaitzak. EH Bilduren lehendakarigaiari ezarritako gaitasungabetzea indarrean dagoen ebatzi beharko du erakundeak.

Bateragune auziko kondenaren baitan, Otegiri bi gaitasungabetze ezarri zizkioten: bat, enplegu edo kargu publikorako, eta, beste bat, boto pasiborako.

Sortuk eta ezker abertzaleko abokatuek azaldu dutenez, Otegiri ezarritako gaitasungabetzean akats tekniko bat dago. Izan ere, epaian ez zuten zehaztu zer kargu publiko dituen debekatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Politika Albisteak Urkullu Eusko Legebiltzarra argazkiak Hauteskundeak Euskadin Idoia Mendia Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Alfonso Alonso berriak Pili Zabala albisteak